Julian Unzueta alkate ohia Aramaioko seme kuttun izendatu dute

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 16a, 14:48

EAJko zinegotzien proposamena onartu ostean, Aramaioko Udal Gobernuak Julian Unzueta alkate ohia herriko seme kuttun izendatu du aho batez; hala, herriaren alde egindako lana aitortu nahi izan diote Unzuetari, eta hark gustura hartu du albistea.

Eguaztenean egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak Julian Unzueta herriko seme kuttun izendatzeko EAJko zinegotzien proposamena. Aho batez onartu da izendapena. "Gu ere ados gaude eta bere gaineko testua adostu genuen elkarrekin. Beti entzun izan ditut hitz onak  berari buruz, eta badakit lan asko egin duela herri ikuspegitik eta herriarendako. Beraz, aitortza bat da, zentzu horretan", dio Lierni Altuna alkateak.

Arabako Foru Aldundian egiten zuen lan Unzuetak, abeltzaintza zerbitzuan, eta 1972. urtean Aramaioko alkate izendatu zuen Aldundiko presidenteak –normalean, Gobernadore Zibilak aukeratzen zituen alkateak garai hartan. Bere borondatearen aurkako erabakia izan zen hau eta hasieran uko egiten saiatu bazen ere, 1979ra bitartean izan zen karguan eta herrigintzan oinarritutako alkatetza izan zen berea. Ikastolarendako aretoa, zaborrak eta hondakinak jaso  eta tratatzea helburu zuen mankomunitatearen sorrera euskararen erabilerari emandako bultzada, Ibarratik Gipuzkoako mugarainoko errepidea zabaltzea auzoen arteko errepidea eraikitzea izan ziren, besteak beste, egin zituen lanak. "Politikoki, Aramaion XX. mendean izandako pertsona garrantzitsuena izan da Unzueta. Nolabait, trantsizioaren sinonimoa dela idatzi izan dut. Berari esker, Aramaiok jakin izan zuen egoera politikoari buelta ematen eta bidea ireki zuen demokraziara salto egiteko.  Beraz, ondo merezitako titulua da hau, berak egindako ekarpen politikoarengatik", adierazi du Jose Mari Velez de Mendizabal historialariak. Gaineratu du, norbaitek merezi badu titulu hau, Unzueta bera dela. "Berarekin harremana izan dugunok eta ezagutzen dugunok, ondo dakigu zer nolako merituak egin dituen herriko seme kuttun izendatua izateko", azaldu du.

Alkate karguan egin zituen zazpi urteetan, garai zailak egokitu zitzaizkion Unzuetari, tartean Francoren heriotza, horrek ekarri zuen guztiarekin. "Hainbat arazo eta auzi izan zituen garai hartan", dio Velez de Mendizabalek.

Alkateen Mugimenduan

1976ko uztailaren 21ean Bergaran sortutako Hego Euskal Herriko alkateen mugimenduan egon zen Unzueta eta Arabako zenbait udalerriren ahotsa eraman zuen bertara, Velez de Mendizabalek azaldu duenez.

Mugimendu honetan Debagoieneko orduko beste zenbait alkaterekin bat egin zuen, besteak beste, Jose Luis Elkororekin –Bergara– edota Jose Antonio Altuna Txatillo-rekin –Arrasate–. Azken honek  Unzuetarekiko estimu handia azaldu du. "Alkate on bat izateaz gain, gizon zintzoa fina da. Beti izan da zuzena bere eginkizunetan eta ez nau batere harritzen herriko seme kuttun izendatu izanak. Beraz, nire partetik, bihotz bihotzez, zorionak!".  

Diputatu

1979an, Arabako diputatu izendatu zuten eta bertatik egindako lana ere oso baliotsua izan zen, historialariaren esanetan: "Foru Aldundian erakutsi ahal izan zuen lehen Aramaion egindako lanaren estiloa, eskuzabala eta besteei eskainia", azaldu du, gaineratuz Aramaioko herriak eman duen politikorik nabarmenena eta esanguratsuena izan dela.

Omendua, "gustura"

Unzuetak begi onez ikusi du izendapena eta gustura azaldu da Udal Gobernuak onartu berri duenarekin. Berak dio halako protagonismoa hartzerik ere ez duela nahi eta aitortu du herritar batzuen balizko kezkagatik onartu duela. "Agian gusturago esango nuke ezetz, baina badakit askok ez luketela hori onartuko, eta horregatik eman nuen baiezkoa", adierazi du Unzuetak.

Hala ere, ulertu du herriak aitortza hori egin izana eta alde horretatik, pozik dago. "Alkate garaian hainbat gauza egin nituen herriaren mesedetan, baita diputatu garaian ere. Beraz, horregatik izango dela uste dut", adierazi du, baikor.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak