goiena.eus

Jaiak eztanda egin du Aiherrako eta Antzuolako haurren eskutik

  Kultura  Antzuola

 
Eguenaz geroztik antzuolarrak festan murgilduta daude. Eta oraindik ere egun asko eta ekintza ugarirekin gozatzeko egunak datozkie herritarrei. Atzo eguerdian, udalekuetako 185 haurrek eta 17 begiralek ongi-etorria egin zioten Antzuolako festa nagusiei.

Aurten ere Aiherrako sei neska-mutiko izan dira udalekuetan. Senidetza errotzeko iaz abian jarri zuen Udalak gaztetxoen hartu emana sustatzeko plana. Hala, astebetez, herriko udalekuetan izan dira. "Haurrekin asko disfrutatu dugu, harreman polita sortu da gure artean. Aiherrako gaztetxoekin ere konfiantza polita sortu da. Gainera, iaztik Antzuolan izanda zeuden eta fenomeno ibili gara!", azaldu du Xabier Iparragirre begiraleak.
Bi herrien arteko senidetza sustatzeko eta indartzeko urrats  bat gehiago izan dela azaldu du Amaia Arana udalekuetako dinamizatzaileak: "Herrira etorri, lasai ibili kaleetan barrena, herriko txokoak bisitatu... oso harreman berezia sortu da batez ere haurren artean. Eskerrak eman nahi dizkiet euren etxeetan hartzen dituzten familiei".


Bota dute txupina
Aurten ere Aizpea Egaña eta Mila Lizarraldek –Atzegiko kideak– herriko festetako txupina botatzeko ohore izan dute. "Benetan jaiak estimatzen dituzten pertsonak omendu nahi izan ditugu; jaiak gozatzen dituzten herritarrak dira Aizpea eta Mila. Saltsera hutsak direlako; eguenean jaietako zapia jantzi eta astelehenera arte kentzen ez duten horietakoak dira. Iaz ere, beraiek bota zuten txupina, baina, ia oharkabean joan zen ekintza ez genuelako ondo azaldu. Horregatik, aurten errepikatzea erabaki du jai batzordeak. Izan ere, Udal hau atzegizalea ere bada", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.


Aurreskua irakasleei
Eta aurten udalbatzak dantzara atera ditu Antzuolako Herri Eskolako maisu-maistrak. Ondoren, fandangoa eta arin-arina egitera plaza inguruan dauden denak aterarazi dituzte. "Modu horretan, Antzuolako Herri Eskolak eta bertako heziketa-metodologiak herriari egin dion eta egiten dion ekarpena errekonozitu nahi dugu. Gainera orain eskolaren unea kritiko samarra da, hemengo metodologiaren oinarri izan diren irakasleak erretiroa hartzen hasita daudelako, eta erreleboa ez delako behar bezain erraza", argitu du alkateak.

Jaiak baina, hasi besterik ez dira egin eta bihar, esaterako Mairuaren Alardea ospatuko dute antzuolarrek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa