Zinema eta soinu banden munduan murgilduko da Ganbara Faktoria

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mai. 7a, 17:14

Datorren maiatzaren 19an (19:30) parrokian egingo duten bazkide kontzertuan, pelikuletako soinu bandak entzuteko aukera egongo da Ganbara Faktoria osatzen duten talde guztien eskutik. Kontzertuak gainera aurkezle berezia izango du, 'La Noche D' telebista saioko aurkezlea den Dani Alvarez kazetaria

Urtero moduan Ganbara Faktoriak bazkideen kontzertua egingo du datorre maiatzaren 19an, arratsaldeko 19:30etan parrokian. Oraingo honetan, zinearen eta soinu banden munduan murgilduko dira, eta, film eta telesail ezagunetako kantuak entzun ahalko dira, Ganbara Kantu Eskola, Ganbara Abesbatza, Hots Abesbatza eta Aequus Ensemble taldeen eskutik.

Zineari dedikatutako kontzertua izanik, aurkezle berezia ere izango du emanaldiak; hala, La Noche D telebista saio ospetsuko aurkezle den Dani Alvarez kazetaria izango da aurkezle lanetan. "Bere testuekin eta bitxikeriekin zineari buruz gehiago jakiteko aukera izango dugu, eta, era berean, kontzertua modu dinamiko batean gidatuko du" adierazi du Aitor Biain Bidarte Ganbara Faktoriako zuzendariak.

Dagoeneko Ganbara Faktoriako bazkideek jaso dute euren gonbidapena, baina kontzertura joan nahi dutenek ere aukera izango dute. Sarrerak salgai daude Txokolateixan eta www.oñati.eus webgunean zortzi euroren truke.

2023 eta 2024 urteen balorazio "positiboa"

Bazkideen kontzertuko aurkezpenarekin batera, bazkidetza nola doan azaldu, eta, 2023 eta 2024 urteen balorazioa ere egin dute. Une honetan 125 bazkide ditu Ganbara Faktoriak, hala, datozen bi urteetan 150era iristeko helburua jarri dute.

Bestetik 2023 eta 2024 urteetako ekintzen eta emanaldien balorazio "positiboa" egin dute, tartean hainbat sari eskuratu dituztelako talde ezberdinek, eta, hainbat proiektu berezitan murgilduta ere egon direlako.

Aurten ere bide beretik jarraituko dutela aitortu du Biainek: "Ganbara Abesbatzaren proiektu nagusia Letoniako nazioarteko lehiaketan parte hartzea izango da. Horrez gain, Juantxo Zeberioren Umama proiektuan izango da. Hots Abesbatzak berriz, San Vicente de la Barquera-ko lehiaketan izango da, eta, abenduan kantzerraren gaineko proiektu berezi bat ere izango du. Kantu Eskolaren kasuan 20. urteurrena du aurten eta azaroan abeslari ohiekin kontzertu berezi bat egingo dugu, baita erakusteta bat ere; gainera, urte amaieran Willy Wonka musikala ere egingo dugu".

Aeques ensemble orkestraren egitaraua xumeagoa izango da, baina, azpimarratzekoen artean badira bi: ekaineko proiektu sinfonika, eta,  urte amaieran Harry Potter-en gaineko kontzertu sinfonikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak