Olakua auzoa irisgarriago egiteko, beste fase bat

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko api. 25a, 12:29

Olakua 13, 14, 15. zenbakidun eraikinek osatzen duten plazatxoa eta inguruak egokituko dituzte bosgarren faseko irisgarritasun lanetan. Ekain inguruan hastea aurreikusten dute eta 362.000 euroko aurrekontua izango dute lan horiek.

Udalak Olakua auzoa irisgarriago egiteko lanekin jarraitzen du eta bosgarren faseko lanen esleipen prozesua martxan dute. Olakua 13, 14 eta 15. zenbakidun eraikinek osatzen duten plazatxoa eta inguruak egokitzea aurreikusten da fase horretan.

Askotariko lanak

Hirigintza zinegotzi Iñigo Ruizek adierazi du helburua dela oztopo arkitektonikoak saihestea, uste baino "gehiago" baitaude: "Agerikoenak beti dira eskailerak eta espaloietako alturak, edo zebra-bideak pasatu ahal izateko zebra-bideetako alturak, eta horiek kendu edo behintzat beste ibilbide batzuk bermatuko dira, oztopo horiek gabe. Baina horiez gain, gehiago ere badaude, azkenean auzo zaharra da, beste era batera eraikitakoa eta espaloietako arketak oztopoak izan daitezke, fatxadatik irteten diren edozein oztopo –seinaleak edo farolak, adibidez– ere bai."

Horiek saihestu eta moldatuko dituzte. Baina horrez gain, herritarrek egiten dituzten ibilbideak ere identifikatu dituzte, horiek ahalik eta irisgarrienak izan daitezen: "Zela heldu atarietara, horietatik zela irten, bertako plazatxoraino zela heldu, auzoa nola konektatu beste auzo batzuekin, zaborra ateratzeko bideak irisgarri izatea, behar bereziak dituztenendako aparkalekuetara modu irisgarri baten iristeko modua jartzea… lan dezente egingo dira", esan du Ruizek.

Aurrekontua

Lanek 362.000 euroko aurrekontu orokorra dute eta horietatik ia 16.000 euro ur sarea berritzeko lanei dagozkie  –lan horiek Gipuzkoako Urak enpresak ordainduko ditu, baina prozeduran sartu dira eta kontratu berean esleituko dira–. Lanen bosgarren faserako lizitazioak aurkezteko epea atzo, eguena, amaitu zen eta sei hilabeteko epean egin beharko direla zehaztu dute esleipenerako oinarrietan. Lanok ekain inguruan hastea aurreikusten du Hirigintza zinegotziak.

Beste gune batzuk ere bai Udalaren irisgarritasun planean beste lan batzuk ere badituzte mahai gainean: "Urteak daramatzagu Mendiko kaleko lanak hasi nahian, baina bertan egin diren etxebizitzak amaitu arte atzeratzen joan gara lanok. Plan horri aurten gehitu zaio Kale Zaharreko irisgarritsun plana. Gehikuntza horrek Kale Zaharra eta inguruak hartzen ditu bere baitan: Kale Zaharra, Otadui zuhaiztia, Lizaur kalea eta Aita Madina kalea. Bederatzi fasetan banatuta", azaldu du Ruizek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak