Goi mailako kalifikazioa jaso du Zubillaga-Oñati hiltegiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko api. 16a, 11:32
Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzua.

2023an eginiko inbertsioek "oso emaitza positiboa" izan dutela uste du gerentziak, eragin zuzena duelakoan ekoizpenean eta ekoiztutakoaren kalitatean. Iazko datuak ere egoki baloratu ditu.

Goi mailako kalifikazioa jaso du Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako ikuskaritza baten ondoren, eta, hiltegitik azaldu dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kalifikazio hori duen hiltegi eta zatitze zerbitzu bakarra da. Horretarako, besteak beste, azpiegiturak, dokumentazioa eta lan moduak aztertu ditu Osasun Sailak.

Hala, hiltegiko arduradunek uste dute eginiko lanak bere fruitua eman duela: "2023an zehar egindako inbertsio ezberdinek oso emaitza positiboa izan dute. Azpiegituretan egindako hobekuntzek eragin zuzena dute ekoizten diren produktuen kalitatean zein ekoizpen prozesuaren segurtasunean". Haien arabera, guzti horrek "lehen lerroan" kokatzen du hiltegia "elikagaiei zein prozesuei dagokienez", "erakundeak herritarren kontsumo osasuntsua bermatzeko baserritar zein harakinek kalitatezko produktuak merkaturatzeko konpromisoa berretsiz".

Ekoizpen "egokia"

Zubillaga-Oñati hiltegiko gerentziak 2023ko datuak ere baloratu ditu, eta, nabarmendu duenez, "oro har", ekoizpena "modu egokian" mantentzen da, "kontuan izanik egungo egoera ekonomikoa ez ezik, elikagaien prezioen igoera eta baserritarrek gaur egun duten egoera".

Hain justu, emandako datuen arabera, 1.582.241 kilogramo kanaleko ekoiztu ziren iaz hiltegian, 2022an baino %7 gehiago, eta ekoizpenaren ia herena (%32) Euskal Okela zigiluari dagokio. Haragiaren jatorriari dagokionez, 1.007 ustiategietatik ekarritakoa da, batik bat, Bizkaitik (%47), eta, ondoren, Gipuzkoatik (%26), Arabatik (%18) eta Nafarroatik (%9). Horrez gain, zatitze zerbitzuan 389.000 kilogramo kanaleko zatitu eta prestatu dira, salmenta zuzenera, harategietara eta autokontsumora bideratuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak