Esku hutsik gelditu da, beste behin, Fagor Professional Aloña Mendi (28-30)

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 25a, 12:56

Neurketa garrantzitsua zen atzokoa, izan ere, behealdeko postuetan dagoen Saieko taldearen bisita izan zuten, eta, azken unean esku hutsik gelditu ziren oñatiarrak. Atzoko porrotarekin azken postuan jarraitzen du Aloña Mendik

Ez da inolaz ere denboraldi erraza izaten ari Fagor Professional Aloña Mendirentzat eta atzo neurketa izan zen horren adibide garbia. Lehen zatian aurkaria baino gehiago izan zen Ander Arrizabalagak zuzentzen duen taldea eta atsedenaldira hiru goleko abantailarekin heldu ziren etxekoak.

Bigarren zatian, ordea, asko zaildu ziren gauzak. Saieko taldeko jokalariek markaketa pertsonala egin zioten Aloña Mendiko bi jokalariri eta horrek asko baldintzatu zuen txantxikuarren erasoko jokoa. Horrez gain, erasoan galdutako baloiak eta aurkariaren atezainak egin zituen geldiketa garrantzitsu batzuk medio, kanpotarrak asko estutu zuten neurketa.

Partidua edozein aldetara erori zitekeela ikusten zen, bi aldeetan izan baitziren golak. Azken txanpan, ordea, markaketa pertsonalek, eta, erabaki eztabaidagarri batean epaileek, etxeko jokalari bat bi minutuz zigortu zutela kontuan izanda, ezin izan zuten nahi bezala egin defentsako lana. Hori baliatu zuten Saieko taldekoek bi goleko abantaila lortu eta neurketa irabazteko. "Talde gaztea dugu eta heldutasun puntu bat falta zaigula uste dut, partidua gogor doanean lasaitasun puntu bat izatea. Guretzat ere lehen urtea da entrenatzaile moduan eta nabaritzen dugu esperientza falta hori" dio Arrizabalaga entrenatzaileak.

Porrot honekin, Aloña Mendi sailkapeneko zuloan dago azken postuan. Hurrengo neurketa ere behealdean dagoen Escolapios taldearen aurka izango dute, aukera paregabea zalantzarik gabe behetik ihes egiteko borrokan aurrerapausoa emateko.

Arrasatek irabazi eta Bergarak berdindu

Koxka bat beherago, Gipuzkoako Txapelketan ari dira lehiatzen Mugarri Ingou Arrasate eta Soraluce BKE eta atzo jokatu zituzten euren neurketak. Bergararrek etxean Eibarren bisita jaso zuten eta 22 eta 22 berdindu zuten. Arrasatearrek berriz, Elgoibarren kantxan jokatu zuten, eta erraz nagusitu ziren 21 eta 28 irabazita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak