Energia kontsumoko datuak kontsulta daitezke Oñatiko udal webgunean sartuta

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko ots. 8a, 15:03

Trantsizio energetikoaren baitan Udalak kontsumo energetikoa neurtu eta murrizteko duen helburuarekin, udal eraikinen kontsumoa zenbatekoa den bistaratu du webgune batean, ekintza-planak zehazteko. Herritarrek ere ikus dezakete euren kontsumo ohitura.

Energiaren kontsumoa murrizteko helburuarekin, udal eraikinetako argiaren, uraren, gasaren eta erregaiaren kontsumo datuak bildu eta horien jarraipena ari da egiten Oñatiko Udala, datu horiek esku artean izanda helburua betetzeko hartu beharreko neurriak erabakitzeko. Informazio hori bistaratu egin du orain astean aurkeztu duen webgune baten bitartez: energiabulegoa.oñati.eus.

Kiroldegiak kontsumo handiena

Udal webgunetik ere hel daitekeen helbide horretan sartu eta Informazio energetikoa dioen aukeran klik eginez gero ikus daiteke udal eraikinen kontsumo gastua zenbatekoa den. Ikusten da, esaterako, Zubikoa kiroldegia dela energia gehien kontsumitzen duen udal eraikina, eta haren segidan datoz Urgain, udaletxea, gaztelekua, Pake Leku, Azkoagain, euskaltegia, Udaltzaingoa, Txiki Txoko eta kale garbitzaileen pabiloia. SIE aplikazioaren bitartez, automatikoki jasotzen ditu kontsumo datuak Udalak, eta jaso ahalaz bat egongo dira ikusgai. "Ezinbestekoa da monitorizatzea ze kontsumo dugun udal eraikinetan: argia, ura, gasa eta ibilgailuen erregaia. Aplikazio horrek informazio hori barnebiltzen du eta gure fakturen azterketak egiten ditu. Lagungarria den tresna da Udalak urtetik urtera egin beharreko kontsumo murrizketan pausoak emateko", azaldu du Udal Zerbitzuen batzordeburu Xabier Igartuak.

Norberaren kontsumoa

Dagoeneko ikusgai dagoen webgune horretan, baina, norberak duen energia kontsumoa ere kontsulta daiteke, Aholkularitza Bulegoa aukeran. Horretarako, erregistratu egin beharko da webgunean bertan, faktura jasotzen den izen berarekin. "Argindarraren kasuan, merkaturatzaile guztiek informazioa sartzen duten aplikazio horretan edozein herritarrek ikus dezake, etxetik, bere kontsumo ohiturak. Baita kontratatuta duen eta kontsumitzen duen potentzien artean alderik dagoen edo ez. Egonez gero potentzia murriztu ahal izango du eta horrek fakturan ere jaitsiera ekar dezake".

Urtebete Energia Bulegoak

Hain zuzen ere, fakturak nola irakurri eta kontsumoen eta potentzien arteko diferentziak izan dira herritarrek duela urtebetetik hona zabalik dagoen eta Energia Planaren barruan dagoen Energia Bulegoan egin dituzten kontsultarik ohikoenak. Hango informazioa webgunean pilatu dute orain, baina bulegoak zabalik jarraituko du aurrez aurreko zerbitzua ere eskaintzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak