Defentsan hortzak estututa, garaipen garrantzitsua lortu du Aloña Mendik (25-20)

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko urt. 20a, 10:00

Muskiz baino gehiago izan da Oñatiko taldea, eta sailkapeneko goiko postuetako borrokan jarraitzeko ezinbesteko garaipena eskuratu du, berriz lepo bete den Zubikoa kiroldegian.

Lehenengo itzuliko partidan gol bakarreko aldearekin irabazi zuen Fagor Industrial Aloña Mendik, eta hori buruan izanik, norgehiagoka ezin hobeto hasi du Zubikoan. Markagailuan 5-0eko abantaila garrantzitsua eskuratu dute, eta defentsan bikain aritu dira Bizkaiko taldearen erasoa ondo geldituz. Muskizek, 12. minutuan lortu du aurreneko gola, baina etxekoek sendo jokatzen jarraitu dute eta erasoan fin ibili dira (12-7). Lehenengo zatia 13-9koarekin bukatu da, eta bazirudien, joko eta estrategia aldetik Aloña Mendik partida kontrolpean zeramala.

Hala ere, bigarren zatian, Muskizek ez du amore eman, eta Oñatikoak apur bat erlaxatu egin dira, defentsan batez ere (19-14). Markagailuko aldea murrizten joan dira bizkaitarrak apurka, eta neurketa amaitzeko 5 minuturen faltan bi tanto aldera gerturatu dira (21-19). Orduan, berriro esnatu da Aloña Mendiko defentsa, eta erasoan, jarraian, bi gol oso garrantzitsu eskuratu dituzte oñatiarrek (23-19), norgehiagoka erosoago bukatzeko (25-20).

Partida hasi aurretik Jesus Galdosen omenez –Ander Galdos jokalariaren aita– minutu bateko isilunea gorde zuten.

Bestalde, Gizonezkoen Euskadiko Senior Ligako beste norgehiagoka, 24-23 galdu du Ford Mugarri Arrasatek Amazsa Urdaneta taldearen etxean. Sailkapeneko beheko aldean zegoen Urdaneta, Arrasateko taldearen azpitik, baina garaipen honekin asko hurbildu dira Ford Mugarri dagoen taulako erdiko gunera.

Emakumezkoen Euskadiko Senior Mailan, gainera, Aloña Mendik sekulako jipoia eman zion Urdaibai Eskubaloi Taldeari (40-24). Bizkaiko taldea sailkapeneko azkeneko postuetan dago, eta oñatiarrek ez zuten euren kontra hutsik egin.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak