Urte bakarrean izandako garapenaren isla

Txomin Madina Milikua 2017ko abe. 17a, 17:22

Beneditarren kaperan Izar ederra izeneko kontzertua eskaini zuen atzo Ganbarako Hots abesbatzak. Prestatutako aulki guztiak bete zituzten ikusleek, eta kontzertuaren zati batean, Raquel Ortega harpa jotzailearen laguntza izan zuten abeslariek.

Ikusmina piztu zuen emakume ahotsez osatutako Ganbarako Hots abesbatzak atzo eskaini zuen Gabonetako kontzertuak, Izar ederra izenekoak: ikusleentzako 200 aulki gertatu zituzten, eta guztiak bete ziren. Beneditarren kaperan izan zen emanaldia, Aitor Biain zuzendariak azaldu bezala, leku berria Ganbararentzat: "Bertan abestu dugun lehen aldi izan da, eta esan behar da leku oso atsegina dela kanturako".

Ordu eta laurden inguru iraun zuen kontzertuak bi zati izan zituen. Lehenengoan, Raquel Ortega harpa jotzailea lagun zutela, Benjamin Brittenek idatzitako Ceremony of Carols interpretatu zuten, Gabonetako hamabi piezaz osatutako obra. Bigarren zatian hainbat musikariren lanak abestu zituzten, Gabon kantuak batzuk, baina baita musika sakroaren eta izpiritualaren adibideak ere. Bigarren zatian Eli Mendiarazek jo zuen pianoa, eta Nere Ibarra eta Edurne Agirre bakarlari lanetan ibili ziren.

Hain justu ere orain urtebete eskaini zuen lehen kontzertua 45 kide inguruz osatutako Hots abesbatzak, eta Aitor Biain zuzendaria pozik zegoen ordutik izandako garapenarekin eta atzoko kontzertuak emandakoarekin: "Jendeak esan digu asko hobetu dugula denbora gutxian. Lehenengo kontzertu hartan, hiru abesti kantatu genituen. Azpimarratu behar da hilean behin bakarrik elkartzen garela entseatzeko; kontzertu honetako programa ere lau saiotan prestatu dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak