Antixena eraikina okupatu zutela bost urte bete dira aurten eta urteurren hori kontuan izanda mezu hau plazaratu dute gaztetxekoek:
"Antixenak, hasteko 5 urte!
Berriz ere irailak 5, eta beste urte bat gehiago bete du gure gaztetxeak. Oraingoan bostgarrena. Bost urte hauek gaztetxea berotzeko sua pizten aritu gara, denetariko ekitaldiak egin ditugu horretarako eta herritar pila bat elkartu dira gure sugarren inguruan dantzatzera. Antixenako suaren erregaiak asanblada eta autogestioa izan dira hasieratik, eta su horren berotasunak egunsentira dantzan iristeko ilusio, kemen eta indarrak eman dizkigu. Dantzaldi honek HASTEKO BOST urte baino ez ditu bete, hasteko diogu, bai, argi baitaukagu gure partetik ez duela etenik izango! Garai ilunotan, geldi eta hotz nahi gaituztenen aurrean, gure sua zabaldu eta indartzeko gogoz gaude Antixenan. Autogestio eta asanblada gehiago botako dizkiogu suari, errebeldia eta borrokarako grin gehiago jaso ditzagun bueltan, desiratutako egunsentira dantzan iristeko modu bakarra dela ziur baikaude! Hurrengo hilabeteetan suaren berotasuna herri osora zabaltzen saiatuko gara, horregatik, deialdiei adi egon eta gurekin dantzatzera etorri!
Gora Antixena!
Gora gaztetxeak!"