Agintaldi erdiko balantzea egin zuen atzo, eguena, Oñatiko Udal Gobernuak, eta, aldi berean, datozen hilabeteetarako esku artean dituen proiektu esanguratsuen berri eman zuen. Gainera, Udalak egindako inkestaren emaitzetako ondorioetatik abiatuta aurrera begira hartu beharreko neurri batzuk aipatu zituen.
"Bi urteko balantzea bera ez dugu egin, batez ere, inkesta bera egin genuelako Gobernuaren jardunaren nolabaiteko balorazioa egiteko. Era berean, kurtso politiko berria hasi aurretik, mahai gainean dauden hainbat proiekturen gaineko azalpenak eman nahi genituen. 2019ko maiatzera arte dauden egitasmo nagusien berri ematea, hain zuzen ere", aipatu du Mikel Biain alkateak.
'Ur uhinak' parkea, abuzturako
Epe motzera bukatuta egongo diren proiektuak aipatu zituen Udal Gobernuak; tartean, Eltzia aurrean dagoen Ur uhinak parkea abuztuko lehenengo hamabostaldirako bukatuta egongo dela aurreikusten dute. Hurrengo aste hasieran asfaltoa jartzen hasiko dira, eta abuztuko bigarren hamabostaldirako urarekin gozatzeko moduan egotea espero da.
"Hasierako begi bistan, obretan dagoela ematen du, baina jarraipen estua egiten ari gara, eta, energia indarrarekin tramite batzuk bukatuta, azkeneko ukituak bakarrik gelditzen dira. Uhinak egingo dira asfaltoarekin, eta abuztuko bigarren hamabostaldirako parkea martxan egotea da aurreikuspena", azaldu du alkateak.
Udal Gobernuaren beste proiektu esanguratsu bat Eltzia da, eta "ate batekin arazoak" egon diren arren, irailerako lanak amaituta eta prest egongo direla adierazi du Udalak. Skatepark-tirolina parkea abuztuan amaitzea aurreikusten dute.
San Lorentzo eta Ugarkalde arteko bidegorri zatiko lanak ere irailean bukatuko dituzte. "Lanak ia bukatuta daude, eta orain, lan batzuk Udalak egin beharko ditu. Ur uhinak parkea abuzturako egongo da bukatuta eta ondoko bidegorri zatia irailerako, beraz. Urbykolan dabil ur parkea egiten eta Egaralur, berriz, bidegorria", azaldu du Mikel Biainek.
Inkesten ondorioetan arreta
Udal Gobernuak azken bi urteetan egindako hainbat proiektu aipatu zituen: herri-busa, auzo-taxia, aparkaleku sistema eta Atzeko kalea oinezkoentzat jartzea, baina arreta inkesten emaitzetatik ateratako ondorioetan jarri nahi izan du Udalak.
Hainbat herritarri egindako galdeketa horretan, kiroldegian "inbertsioa egitearen aldeko postura orokortua" dela azpimarratu du Udalak. "Eztabaidatzen ari gara, talde eragilea ere eztabaidatzen ari da, eta talde horrek jasotako ondorioen emaitza irailean jakinaraziko zaie herritarrei. Horren ostean, Udalak hartu beharko du erabakia, kontuan izanda inkestaren emaitzak eta talde eragilean proposatutakoak, besteak beste", azaldu du Borja Moiuak, Kirol zinegotziak. Foru Aldundiak 453.000 euroko laguntza eman dio Udalari kiroldegirako, baina, ez bada eraberritzen, diru laguntza galduko luke.
Mugikortasun neurriei dagokienez, orokorrean, Txaketua oinezkoentzat jartzea izan ezik, "onarpen maila ona" izan dutela azaldu du Udalak. Horrela, Txaketuako abiadura moteltzeko neurriak hartzea da Udalaren aurreikuspenetako bat. Radar mugikorra jartzea da aukeretako bat, eta, gainera, harresirik ez jartzeko kalera ibilgailuen sarrera kontrolatzeko matrikulak irakurtzen dituen kamera bat jarriko dute, irailetik aurrera. Horrela, baimendutako matrikula duten autoak bakarrik sartu ahal izango dira.
Hondakinen kudeaketari dagokionez, bestalde, egungo sistemaren "onarpen maila altua" dela azaldu du Udalak, baina "hobekuntzak egitearen beharra" azpimarratu du. "Ondorioetatik, sisteman hobekuntzak egitearen beharra ikusi dugu, eta hobekuntza posible batzuk identifikatuta ditugu dagoeneko. Irailean tratatuko ditugu batzordean", aipatu du Mikel Biainek.
Udal komunikabideen jardunari dagokionez, gainera, "balorazio positiboa" egin du Gobernuak, baina "on line tresnen komunikazio estrategia indartzeko apustua" egingo dute. Horrez gain, Kontzejupetik aldizkariko irudia berritu egingo dute irailetik aurrera.
Aurrera begirako proiektuak
Datozen hilabeteetarako aurreikusita dituzten proiektuen berri ere eman du Oñatiko Udalak. Horien artean, irailean ospatuko duten Mugikortasun Astean –irailaren 16tik 22ra– Birzikleta egitasmoa berriz ere egingo dute, eta autorik gabeko egunean, Txaketuako bidegurutzea itxita egongo da egun osoan.
Etxebizitzen azterketen gainean, irailerako bukatuta egongo da txosten definitiboa, eta aurkeztu ostean beharrezko neurriak hartzea izango da asmoa. Horrez gain, HAPOren girotze fasea hasiko da urrian. Herritarrei Plan Orokorra hurbiltzea da helburua. Horren baitan, gainera, hainbat ekimen egingo dira. Oñati azken 50 urteetan zenbat aldatu den ikusteko argazki erakusketa bat, eta lorategi pribatuak bisitatzea, besteak beste.
Aurrerago burutuko dituzten proiektuei dagokienez, Olaran dorrean jarriko duten CoWorking gunea irailean hasiko dira hornitzen. Sei mahai egongo dira, eta ekintzaileendako, alde batetik, eta autonomoendako eta mikroenpresendako tokia egongo da, kuota bat ordainduz gero. CoWorking gunerako aurrekontua 45.000 euro ingurukoa da, guztira.
Bestalde, Olaitturriko aurreproiektua jaso berri du Udalak, eta, nahiz eta 2017ko aurrekontuetan partida bat zegoen jasota, urte bukaerarako esleituko dira lanak, eta 2018an obrak hastea aurreikusten dute.
Adinekoendako zerbitzu karta ere eskaini nahi du Udalak. "Gabezia bat ikusten dugu hor, eta katalogo bat egin nahi dugu, adinekoei zuzendutako diru-laguntzak eta beste hainbat baliabide biltzeko", azaldu du Mikel Biain alkateak.
Bukatzeko, Etxaluzeko lanetako pleguak onartuta daude dagoeneko eta udazkenean ekingo diete lanei. Olakuan, irisgarritasun baldintzetara egokitzen hasiko dira zona.