Herritik sortuak, herriarendako

Eneko Azurmendi 2017ko uzt. 27a, 20:00

Zersenay Tadese buruan, 2006ko Corpusetako lasterketan. Argazkia: Jesus Arregi.

Arrasate-Oñati lehenik –1982–, San Silvestre ostean –1992–, Torreauzokoa gero –1998– eta Corpusetakoa azkenik –2003–; bata bestearen atzetik sortutako lau lasterketa, guztiak ere Oñatin atletismoarekiko dagoen zaletasunaren adierazle.

Atletismoak sustrai sendoak ditu Oñatin. Ondo errotutako lau lasterketa daude herrian, baina horietako bat, sortzen lehena izan zena, hain zuzen, desagertzeko zorian dago. Izan ere, Antxintxiketan taldeak pasa den asteko bilera batean erabaki zuen ez zuela gehiago Arrasate-Oñati lasterketa antolatzeko ardura bere gain hartuko eta, beraz, aurtengoa izango dela antolatzen duen azken urtea.

1982an ekin zion bideari herri lasterketa horrek, Oñatiko lagun talde baten eskutik. Juan Manuel Azpiazu Klementx lagun talde horren parte izan zen. "Behobia-Donostia lasterketan parte hartzera joan ginen lagun talde bat eta bueltan, Guria tabernan geundela, pentsatu genuen polita izango zela tankera horretako lasterketa bat egitea hemen, Arrasatetik Oñatira, eta hala egin genuen", dio.

Hasierako urteetako zailtasunak ditu gogoan Klementx-ek, baita anekdota bereziak ere. "Gogoratzen dut lehenengo urtean txirrindularitza lasterketa batekin kointziditu zuela. Pentsa nolako kaosa sortu zen Elorregiko biribilgunean!", azaldu du.

Hasierako lagun taldeari Laixan Euskara Elkarteak eman zion jarraipena antolakuntzan –1992an– eta azkenengo urteetan, 2009az geroztik, Antxintxiketan taldea ari da zeregin horretan. Hala ere, aipatu moduan, aurten izango da azkena. "Lekukoa hartuko duen norbaiten bila ari gara, baina zaila izango da”, adierazi du Antxintxiketan taldeko kide Jesus Zabaletak.

Arrasate-Oñati lasterketarekin batera, Zubilaga-Oñati ere egin izan da hainbat urtez. Argazkia: Placido Ruiz.

San Silvestre lasterketa

Arrasate-Oñati jaio eta hamar urtera, 1992an, San Silvestre lasterketa sortu zuen herriko beste lagun kuadrilla batek, eta ideiaren jatorria, bitxia bada ere, leku berean dago. "Behobia-Donostia herri lasterketan parte hartzera joan ginen, eta, han geundela, Oñatin ere herri lasterketa bat egin behar genuela bururatu zitzaigun, eta urteko azken egunean, gainera, urtea ondo bukatzeko", dio Zabaletak.

Lehenengo edizioan arrakasta handirik izan ez bazuen ere, urteek aurrera egin ahala parte-hartzea haziz joan zen, eta 6-7 laguneko kuadrilla hura ez zen nahikoa horri guztiorri aurre egiteko. "Lasterketa antolatzeko azpiegitura handirik ere ez genuen, eta, ikusi genuenean gehiegi zela, geroz eta parte-hartzaile gehiago zirela, Antxintxiketan taldearen esku utzi genuen antolakuntza, 2009an. Ni ere talde horren barruan nago, eta gaur egun ere oraindik laguntzen dut, baina bigarren plano batean, ardura gutxiagorekin", azpimarratu du Zabaletak.

Oñatiko San Silvestre lasterketa sortu zutenetako batzuk. Argazkia: Jesus Zabaleta.

Torreauzoko krosa

Aurten 20. urteurrena bete duen  Torreauzoko krosa izan zen hirugarrena. 1998. urtean, seme-alabak Aloña Mendiko atletismo sailean zituen guraso talde batek antolatu zuen lehenengoz lasterketa hori, Juan Mari Andueza buru zela –duela lau urte hil zen–. Santi Mendiola guraso talde horretako kide zen, eta honela azaldu du lasterketaren sorrera: "Garai hartan guztiok Olatera joaten ginen korrika egitera eta Anduezak behin esan zuen polita izango zela Torreauzotik Olatera joan-etorria eginaz herri lasterketa bat egitea".

Hasierako urte haietan, Securitas aseguru etxearen bultzada "ezinbestekoa" izan zen lasterketa hori aurrera eramateko, Mendiolaren esanetan.

10. edizioaren ostean, Antxintxiketan taldeak hartu zuen lasterketa hori antolatzeko ardura eta azken bi edizioetan, berriz, Abixaran taldeak antolatu du.

 Torreauzoko krosa antolatu zuen lagun kuadrilla. Argazkia: Santi Mendiola.

Corpusetako lasterketa

Lau lasterketetatik herrikoia ez den bakarra, Corpusetako lasterketa, 2003an sortu zuen Jesus Arregik, Antxintxiketan taldea sortzearekin batera. "Beti gustatu izan zait atletismoa, eta lasterketa bat antolatzea bururatu zitzaidan. Gainera, Corpus bezperan, jende asko egoten da Oñatin, eta animatu egin nintzen", adierazi du Arregik.

Hiru urteren buruan, 2006an, maila gorenera iritsi zen lasterketa. Izan ere, Zersenay Tadese eritrearra 10.000 metroko munduko errekorra hausteko asmotan etorri zen Oñatira –ez zuen lortu–. Horretarako, zirkuitu homologatu bat egin behar izan zuten eta ordutik aurrera mundu mailako hainbat korrikalari  etorri izan dira lasterketa horretara –Tadese bera, Chema Martinez, Peter Cheruiyot Kirui...–.

2013tik aurrera, berriz, Euskal Herriko korrikalari onenetakoak bakarrik etortzen dira, aurrekontua dela eta. "Pentsa, 2006an, 24.000 euroko aurrekontua izan zen", azaldu du Arregik.
Antxintxiketan taldeak antolatu du lasterketa hau 2003tik gaur egunera arte –iaz, 2016an, ez zen egin–.

Zerzenay Tadese helmuga zeharkatzen, 2006an. Argazkia: Jesus Arregi.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak