Cowork gunea egokituko da Olakuako dorrean

Miren Arregi Amasorrain 2017ko uzt. 21a, 13:42

Atzo egin zuten uztaileko osoko bilkura Oñatin. Ohi baino aste bete lehenago, udako oporrak direla-eta. Gai-zerrendako puntu guztiak onartu zituzten aho-batez. Gainera, Altsasuko auziko zigor eskaeren inguruan EH Bilduk eta EAJk mozio bateratua aurkeztu zuten.

Joan den ekaineko osoko bilkuran, herritar batek Luisena tabernaren itxieraren gainean eginiko galderari erantzunez hasi zuen idazkariak osokoa. Gai horrekin lotuta, Lourdes Idoiaga jeltzaleak esan zuen, funtsean tabernen arazoaren muinean beste arazo bat dagoela, alegia, tabernen jarduera arautzen duen ordenantza berria ez dagoela onartuta. Mikel Biain alkateak erantzun zion, ordenantza proposamena martxan dagoela, baina atal zigortzailearen inguruan zalantza batzuk argitzeko, zerbitzu juridikoen esku dagoela une honetan proposamen hori. Behin hori berrikusi eta ontzat eman ondoren, onartuko dela ordenantza.

Cowork gunea

Cowork gunea izango denaren araudiaren onarpena ere egin zuten atzoko osokoan. Cowork gunea lankidetzarako espazioa izango da eta Olakuako dorrean kokatuko da. Zehatz, enpleguaren atalean, sormen fasean dauden ekintzaileendako gune bat izango da. "Bost plaza sortuko dira eta sormen fasean dauden herritarrendako toki publiko bat egokituko da, zeinek sarera konexioa, oinarrizko zerbitzuak eta bilerak egiteko gunea izango dituen", dio alkate Mikel Biainek. Asmoa da, urria bukaerarako martxan egotea.

Espainiako banderaren auzia

2011n hilabeteko epea eman zion Espainiako Gobernuko delegatu Carlos Urkijok udalari, udaletxeko fatxadan eta osoko bilkuren aretoan Espainiako bandera ipintzeko. Kontua da, udalak ipinitako azken errekurtsoa bertan behera utzi duela epaileak eta horren berri eman zuen atzo idazkariak osoko bilkuran. 

Debagoieneko herri gehienetan dago gaia mahai gainean, baina, Oñatikoa, muturreko egoerara iritsi da: "Muturreko egoerara iritsi gara eta epaileak ebatzi du estatuari arrazoia ematen diola. Udal askotan ematen den gaia da baina Oñatin, Laudion bezala, gaia oso aurreratuta dago", adierazi du alkate Mikel Biainek. Eta gaineratu du:"Duela gutxi jaso dugu jakinarazpen bat esanaz, alkatearen kontrako neurriak hartzen hasiko direla. Gaur, epailearen autoa irakurri du idazkariak, non esaten den, ipini den banderaren formatua ez dela ontzat ematen".

Altsasuko auzia salatzeko mozioa

Bestetik, Altsasuko auziko zigor eskaeren inguruan mozio bateratua aurkeztu zuten EH Bilduk eta EAJk. Hain zuzen ere, Altsasuko auzian fiskalak egindako zigor eskaerak neurrigabekoak direla salatuz hainbat aldarrikapen egin dira Euskal Herrian eta udalbatzak bat egin zuen atzo salaketa horrekin.

70.000 euro energia efizientziarekin lotuta

Energia efizientziarekin lotutako gai bat ere landu zuten atzoko osokoan. Izan ere, Zubillagako etxebizitza sozial baten, berogailu sistema berritzaile bat ipiniko da. Europak 70.000 eurorekin lagunduko du LKS-k, Mondragon Eskola Politeknikoak eta Oñatiko udalak elkarlanean aurrera eramango duten proiektua. "Bi interes bateratu dira. Alde batetik, udalak aurreikusita zeukan bi etxebizitza sozial dauden eraikin horretarako berokuntza sistema jartzea eta bestalde, Mondragon Eskola Politeknikoak eta LKS-k, bazuten interes bat proba pilotu bat martxan jartzeko", dio alkate Mikel Biainek. Horretarako hiru erakundeen arteko hitzarmena sinatuko da aste honetan edo hurrengoan. Exekuzio proiektua lantzen ari dira eta irailean hasiko dituzte lanak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak