Udal gobernuak herritarrei egindako inkestaren "erabilera politikoa" salatu du Oñatiko EAJk

Mirari Altube Arrese 2017ko uzt. 21a, 12:16

"Diru publikoarekin egindako galdetegiak" Udal gobernuaren aldetik interes politikoa duela helburu adierazi dute jeltzaleek. Era berean, oñatiarrentzat "garrantzitsuak diren hainbat galdera baztertu dituztela diote eta inkesta sakonagoa egiteko aukera galdu" duela.

EH Bilduren Udal gobernuak diru publikoarekin ordaindutako inkestari emandako "erabilera politikoa" kritikatu eta salatu dute jeltzaleek prentsa ohar bidez. Baita, galdetegia egiteko Aztiker enpresak erabilitako metodologia ere: "Telefonoz egin ordez aurrez aurre egin ditu elkarrizketak, eta horrek, adituen arabera, elkarrizketatuaren naturaltasuna oztopatzen eta mugatzen du". Inkestako hainbat galdera "gaizki planteatuta" zeudela ere adierazi dute jeltzaleek: "Emaitza asko ez dira sinesgarriak eta ez dute koherentziarik, elkarrizketatuaren askatasuna mugatzen delako".

Era berean, Udal gobernuak oñatiarrentzat garrantzitsuak diren hainbat galdera baztertu dituela diote, eta inkesta sakonagoa egiteko aukera galdu dutela. "Jarrera horrek bistako egiten du EH Bilduren gobernuaren gardentasun falta, oñatiarrentzat garrantzitsuak diren hainbat gai baztertu eta horien ordez, interes alderdikoia duten galderak txertatu baititu". Horren adibide, kirol instalazioen gaia aipatu dute: "Igerilekuaren handitzeari buruz soilik galdetu dute, baina herrian badira beste hainbat eskaera kirol instalazioen inguruan: besteak beste, atletismoarekin edota kanpoko igerilekuarekin zer ikusia dutenak".

Hondakin bilketa

Oñatiko EAJ-PNVko kideek uste dute "zer moduz moldatzen zara egungo sistemarekin?" galdetu 
izana tranpa dela, inork ez duelako "gaitasun eza" adieraziko: "Galdera horrek ez du adierazten atez atekoaren onarpen maila %79koa denik, EH Bilduren gobernuak interpretatu duen moduan. Ildo horretatik, gaur egun badakigu atez ateko zein edukiontzi sistema bidez gaika biltzen den zabor tasa %80koa dela. Bergaran, esaterako, edukiontzienekin batzen den tasa %82 ingurukoa da".

Inkestako "galdera zuzena" zein izan beharko litzatekeen ere argi dute jeltzaleek: "Zein sistema nahiago
duzu, atez atekoa edo edukiontzien bidezkoa?. Horren ordez egindakoak argi adierazten du udal
gobernuak ez duela galdera zuzena eta argia planteatu nahi izan. Ondorioz, EAJ-PNVren udal ordezkarion
ustetan, EH Bilduren Udal gobernuak zabor bilketa sistema erabakitzeko eskubide demokratikoa ukatu die
herritarrei".

Oposizioaren jardunaren gaineko galdera

Galdetegian oposizioaren jardunaren inguruko galdera bat txertatzeak inkestaren helburu
politikoa adierazten duela dio Oñatiko EAJ-PNVk: "Udal gobernuak iragarri du herritarren gehiengoak Oñatiko arazoei irtenbidea emateko EH Bildu aukeratu duela: Herritarren %23,2ak EH Bildu aukeratu du, EAJ-PNV aukeratu dutenen %12,2aren gainetik. Interpretazio hori faltsua eta interesatua da". Galdera horretan, herritarren %63,8ak ez duela eman iritzirik diote jeltzaleek: "Beraz, herritarren gehiengoren iritzia Udal gobernuak sinetsarazi nahi duenaren aurkakoa ere izan liteke".

Herritarren interesen alde lanean jarraituko duela berretsi du EAJ-PNVek: "Oñatiarren bizi kalitatea hobetzeko proposamenak eginez eta era berean, oposizioaren eginbeharra betez, EH Bilduren Udal gobernuari kontrola egiten eta neurria hartzen; gehiago ez, baina ezta gutxiago ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak