Kaligrafia erakusketa ikusgai Arantzazun

Iker Oñate 2017ko uzt. 21a, 08:48

Gandiaga Topaguneko kaligrafia erakusketa, inaugurazio egunean. ARgazkia: Arantzazu Gaur fundazioa

Hamahiru kaligraforen lanak egongo dira ikusgai Gandiaga Topagunean irailaren 17ra bitartean. Zehatz esanda, Salbatore Mitxelenaren zenbait poema kaligrafiatu dira erakusketarako. Arantzazu Letraz guneak bultzaturiko egitasmoa da.

Arantzazuko Kaligrafia Jardunaldiek hirugarren edizioa dute aurtengoa; erakusketa berezia antolatu gura izan dute antolatzaileek. "Kaligrafiaren erreferentzia-eremu bilakarazi nahi izan dugu Arantzazu. Horren bidean, inguruko kaligrafoak ez ezik, nazioarte mailakoak ere bildu ditugu", esan du Leire Fernandezek, erakusketaren komisarioak. Uztailaren 14an inauguratu zuten Kaligrafia Arantzazun: idazkera ederraren artea bataiaturiko erakusketa, eta irailaren 17ra bitartean egongo da zabalik.

Bada, bide horretan, hamahiru kaligrafo ezagunen lanak bildu dituzte. Aipatu beharrekoa da kaligrafoek Arantzazuko erakusketarako propio sorturiko lanak direla ikusgai daudenak: Salbatore Mitxelenak 1949an argitaraturiko Arantzazu: euskal sinismenaren poemak liburuko hainbat lan kaligrafiatu dituzte. "Mitxelenaren hainbat poema aukeratu eta zatitu ostean, horiek kaligrafiatzeko enkargua egin genien kaligrafoei. Bakoitzak bi pieza erreproduzitu behar izan ditu", azaldu du Fernandezek, erakusketa aurreko prozesuaz mintzo.

Modu horretan, ba, poesia eta kaligrafia uztartu gura izan dute antolatzaileek. Gaineratu dutenez, "adituek kaligrafiaturiko euskarazko olerkiak eskaintzen dituen lehen erakusketa irekia da Arantzazukoa".

Besteak beste, Oriol Miro, Bego Viñuela, Allan Daastrup, Joluvian eta Victor Kams kaligrafoen lanak eskaintzen ditu erakusketak."Norberak kaligrafia estilo propioa du; hori horrela, erakusketa aberatsa sortu dugula esan dezakegu", argitu du Fernandezek.

Kaligrafia tailerra

Erakusketa ez ezik, kaligrafia tailerra ere antolatu dute egitasmoaren bultzatzaileek. Zehatz esanda, uztailaren 14an eta 15ean egin zen aipaturikoa; Oriol Miro kaligrafoa izan zuten irakasle  eta izki erromatarrak izan zituzten ikasgai.

Fernandezen esanetan, "perfil ezberdinetako jendea apuntatu da tailerrean". Kaligrafo profesionalak ere badaude tartean; horien artean da iazko edizioan irakasle izan zen Bego Viñuela. "Kaligrafiaren munduan, etengabe dago berritu beharra. Beraz, beti dago zer ikasia", azaldu du Viñuelak.

Bestetik, esan bezala, tailerrean ez ezik, erakusketan ere esku hartu du Viñuelak. "Erronka handia izan da  erakusketarako piezak sortzea, estimu handia baitiet bertan esku hartu duten kaligrafoei", aitortu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak