Hasieratik nagusitu dira bi astuariarrak eta bien artean egon da lasterketaren garaipena. Azkeneko itzulian, baina, Junquera gehiago izan da eta Costalesek ezin izan dio erritmoari jarraitu. Azkenean, segundo batzuengatik nagusitu da Junquera. "Oso pozik nago. Zirkuitua buruz ikasten saiatu naiz, bihurgune bakoitzari zukua ateratzeko, eta hala izan da. Niretzako lasterketa berezia da hau, batez ere duen zaletasunagatik. Euskal Herrian txirrindularitza gustatzen da, eta hori bide bazterrean asko nabaritzen da", azaldu du irabazleak.
Iñigo Mugarza oñatiarrak ere sekulako lasterketa egin zuen, lasterketa laugarren postuan amaituta. "Beste urteetan baino sentsazio hobeak izan ditut. Banekien lehenengo biekin joatea oso zaila izango zela, baina taldetxo batean sartu naiz, erritmoari eutsi ahal izan diot. Bi itzuliren faltan, ordea, taldetik batek ihes egin digu eta ezin izan diot jarraitu. Baina laugarren postuarekin gustura nago", azaldu du Mugarzak.
Lasterketak emandakoarekin pozik azaldu da Jon Ibarrondo, antolatzaileetako bat. "Egia esan, aurtengoa oso ondo irten den lasterketa izan da. Eguraldiak lagundu digu, parte-hartzaileak ere neurrian egon dira, eta maila ona izan da, iaz bezala. Beraz, oso ondo".
Zirkutu aldaketari dagokionez ere gustura azaldu da Ibarrondo. "Aldaketa honekin, zirkuitua ez da iazkoa bezain teknikoa. Luzeagoa eta orekatuagoa da. Iazkoa laburregia zen", azaldu du.