Aurten, ibilbideak 1.600 metro izango dituenez, bira kopurua 15ekoa izango da. Honela, guztira lasterketak 24 kilometro izango ditu. Zirkuituaren ibilbideari dagokionez, aurtengoa aurreko urtekoaren antzekoa izango da. Atzeko kaleko obrak amaitu direnez, bertatik ere pasako dira txirrindulariak.
Lasterketa gaueko 22:00etan hasiko dute, eta ziklistek dortsalak 20:00etan jasoko dituzte, eta, 21:30etarako zirkuitua itxita egongo da. Ondoren, lasterketari ekingo diote eta gaueko 23:00etan banatuko dituzte sariak. Bost sari banatuko dira aurten: helmugara heltzen den lehenengo oñatiarrari bat, lehenengo itzuliko azkarrenari bestea eta lasterketan lehenengo hiru sailkatuei sari bana.
Bi berrikuntza
Aurtengo edizioan bi berrikuntza daude. Batetik, itzuli-kontagailu digital bat jarriko dutela bigarren motorrean. Bestetik, streaming bidezko hedapena egingo dutela. Modu honetan, helmugako irudiak Interketeko helbide batean botako dituzte. Eta, nahiz eta oraindik, helbidea ez izan, datorren egunotan emango dute horren berri.
Parte-hartzea
Partaidetzari dagokionean aurten izen-ematea beste urte batzuekin alderatuta, "pixka bat eskasa" izan dela aipatu zuten antolatzaileak. "Hala ere, askok azken momentura arte itxaroten dute", ere esan zuten. Gainera, izen-emate epea ostiralera arte izango da zabalik, arratsaldeko 15.00ak arte, hain zuzen ere. Eta, parte hartzaileen muga 60 pertsonakoa denez, zapatura arte kupo hori bete ezean, zapatuan bertan izena emateko aukera ere izango da.
Aurtengo edizioan, lau oñatiarrek hartuko dute parte: Iñigo Mugarza, Iñaki Madinabeitia, Mikel Olalde eta Danel Gereta. Debagoiendarrez gain, badira ere kanpotik etorriko direnak, Bizkaitik, Iparraldetik, Gijonetik, Madrildik zein Berlinetik.