Eguenean, 19:00retan, zabalduko ditu ateak Aloña Mendik antolatzen duen XI. Garagardo Azokak. Egubakoitzean ere ordu berean zabalduko da eta zapatuan eta domekan eguerditik aurrera egongo da azokaz gozatzeko aukera.
Beti bezala, "hamar bat garagardo mota egongo dira bisitariaren eskura", dio Aloña Mendi Kirol Elkarteko presidente Anton Inzak. Horien artean daude aurreko urteetan ere eskaini izan dituztenak; Amstel Radler, Murphys, Paulaner, Guiness eta abar. Aurten, berrikuntza gisa, Kilkenny garagardo irlandarra ere egongo da. Garagardo horiek eskatzeko Aloña Mendiko intsignia daraman pitxarra hartu beharko da, 4 euroren truke eta gero, entregatzerakoan bueltatuko dira euroak. Garagardo pitxar bakoitzak 4,5 euro balioko du, baina badira salbuespenak. Radlerra 3 eurotan salduko delako, eta Bucklerra –botilan–, 2 eurotan.
Jatekoa ere eskura
Jakiei dagokienean, ez da berrikuntzarik egongo. Beti bezala, txerri-ukondoa, oilaskoa eta saltxitxak eskainiko dira. Lehenengoa 10.5 euroren truke eta beste biak 5 eurotan. Postrerako bi aukera eskainiko dira, batetik, bonba, eta bestetik, sagar-tarta. Biak ala biak, 2 eurotan.
Sailen arteko elkarlana
Bi helburu ditu azoka honek: batetik, elkarteko sail ezberdinen arteko elkarlana sustatzea eta, bestetik, elkartearen behar ekonomikoetarako finantziazio iturri izatea. "Iaz, esaterako, 5.000 euro atera ziren. Ez da asko, gero sail guztien artean banatu behar delako eta bakoitzarendako 500 euro gelditzen delako, baina dagoeneko egutegian egonkortuta dagoen zerbait da eta beste jai bat izanik, animatzen gara antolatzera", dio Anton Inzak.
Eguenean, saskibaloi sailaren ardura izango da Garagardo Azoka kudeatzea; egubakoitzean, eskubaloi sailarena. Zapatu eguerdian gimnasiakoak eta atletismokoak arituko dira eta arratsaldean karate eta futbol sailak. Domeka eguerdian txirrindularitza eta pilota sailekoak egongo dira zerbitzatzen eta desmuntatze lanetan igeriketakoak eta triatloi taldekoak ibiliko dira.