Datorren denboraldira begira jarri da Aloña Mendi

Iker Oñate 2017ko uzt. 7a, 11:00

Aloña Mendikoak Mutrikun, maila galdu ostean. Argazkia: Aratz Losada |

Aurreko denboraldia atzean utzita, datorren ikasturtean jarri dute mira Aloña Mendiko futbol sailekoek; maila galdu ostean, Gorengo Erregional mailan jardungo dute. Talde teknikoak ez du aldaketa esanguratsurik egitea aurreikusten.

Maila berreskuratu guran jardungo dute Aloña Mendiko  lehen taldeko mutilek datorren denboraldian. Hori bai, Javier Aspiazu presidenteak aitortu dunez, ez dute jardun erraza izango: "Talde indartsu ugari daude gure multzoan, beraz, gogor borrokatu beharko dugu helburua lortzeko". Zehatz esanda, bigarren multzoa egokitu zaie oñatiarrei; besteak beste, Elgoibar, Bergara eta Antzuola izango dituzte aurkari.

Bada, helburura bidean, hainbat alor hobetzeko lanean jarduteko asmoa berretsi dute oñatiarrek. "Aurreko urtean gola falta zen, dudarik gabe. Horri buelta eman behar diogu ezinbestean", dio Aspiazuk. Unai Gil  izan zen golegile nagusia, bost golekin. "Ondo jokatu arren, datu horiekin ezin daitezke partiduak irabazi", gaineratu du.

Bestetik, talde teknikoaren arabera, lesioek ere esangura izan zuten azken denboraldiko erdietsiriko emaitzetan. "Lesio asko izan genituen; bolada ona harrapatzen genuenean, esaterako, lesioek berori zapuzten zuten. Ezin izan genuen oreka  puntua harrapatu", argitu du Endika Ruizek, talde teknikoko kideak.

Aurrera begira, bestalde, talde-egiturari dagokionean, ez dute esangura handiko aldaketarik egitea aurreikusten. "Orain arteko filosofiarekin jarraituko dugu, etxeko jendearekin. Horretarako, harrobia indartzen segituko beharko dugu", azaldu du Ruizek.
Bide horretan, hasiak dira aurre denboraldirako plangintza prestatzen. Hasteko, entrenamendu gutxi batzuk egingo dituzte uztailean, jokalarien arteko harremana sendotzeko. Dena den, abuztuaren erdialdera arte ez dute aurre denboraldia ofizialki hasiko. Horren baitan jada finkaturik dituzte lagunarteko zenbait partidu: irailaren 2an –Bergaran– eta 9an –Azkoagainen–. Orain, gisako hitzordu gehiago ixten dihardute.

Eserlekuak harmailetan

Gaur-gaurkoz, Azkoagaingo harmailetan eserlekuak jartzeko egitasmoarekin dihardute futbol saileko kideek. Bide horretan, Ipuruan –Eibar futbol taldeko zelaian– kendutako 400 aulki eskuratu dituzte. Zehatz esanda, taberna alboan dauden harmailetan jarriko lirateke aipaturiko eserlekuak.

Bestetik, eremu hori estali gura du futbol saileko zuzendaritza taldeak. Hori horrela, Udalarekin eta herriko zenbait enpresekin harremanetan dihardute, proiektua gauzatzeko laguntza eske.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak