Bada, horri buelta emateko ahaleginean dihardute, egitura "kinka larrian" dagoela jabetuta. Horren bidean, ba, lagundu gura duen orori zuzenduriko deialdi irekia egin dute uztailaren 11rako, martitzenerako; 19:00etarako finkatu dute hitzordua, Aloña Mendiko bulegoetan.
Ekaineko deialdia
Ekainean ere gisako deialdia egin zuen eskubaloi saileko zuzendaritzak, baina, Zuluetak aitortu duenez, "ez zuen gura besteko arrakasta izan". Zehatz esanda, lau pertsona hurbildu ziren informazio eske. Horri dagokionez, gaineratu duenez, "eskubaloi sailak beharrezko du zuzendaritza indartsuagoa izatea; eta horretarako, jende berria sartu beharra dago ezinbestean".
Herritarren beharra
Aurreko denboraldian, guztira, hamalau talde izan zituen Aloña Mendiko eskubaloi sailak; horiei, nesken zein mutilen eskubaloi eskolak gehitu behar zaizkie. Bada, 300 jokalari inguruk jardun zuten gutxi gorabehera. Beraz, eginbeharrak badaude.
Hainbaten artean, horiek koordinatzeko ardura du zuzendaritzak. Zuluetak azaldu duenez, "ez du berebiziko dedikazioa eskatzen; baina, lan txiki asko egin behar izaten dira". Jardun horretan, beraz, lagungarri izango lukete herritarren laguntza.
Bestetik, Zuluetak argitu duenez, lagundu gura duenak ez du zertan zuzendaritzako kide izan. "Aldian aldian egin beharreko lan ugari sortzen dira egunerokotasunean; besteak beste, partiduen kartelak jartzea eta zozketa txartelak saltzea daude horien artean. Horietan laguntzeko jendea ere behar da". Beraz, eurei zuzenduriko batzarra ere bada martitzenekoa.