Tours-eko –Frantzia– abesbatzen nazioarteko lehiaketan egindako lan bikainaren ondoren, Oñatiko udalbatzak Ganbara Abesbatzari aitortza bat egitea erabaki du. Ibilbide oparoari egin dio aitortza, Ganbara osatzen duten talde guztien lana errekonozituz. Mikel Biain alkateak hartu zuen hitza eta abesbatzak herrian kantuarekiko egiten duen lana aitortzeaz gain, nazioartean Oñatiren izena zabaltzen egiten duena ere errekonozitu zion. Aitor Biain zuzendariak hartu zuen udalbatzaren izenean alkateak emandako plaka. Abebatzako zuzendariak pozik hartu zuen oparia eta eskerrak eman zizkien abesbatza osoaren izenean.
Kontzertu bikaina
Aitortzaren ondoren etorri zen kontzertua, San Migel parrokiako klaustroan, ezohiko tokian. Hasiera baten kontzertua plazan egitekoa bazen ere, eguraldia ikusirik, barruan egitera erabaki zuten antolatzaileek. Ganbara Abesbatzak, Tours-eko lehiaketan abestu zituen bost obra eskaini zituen atzokoan. Errepertorio konplikatua, baina entzuteko ederra. J. Brahms konposatzailearen Verlorene Jugend, J. Guerreroren Iturengo Arotzaren konponketa bat, edo Eric Whitacre konposatzaile garaikidearen Cloudburst. La cucaracha ezagunarekin eman zioten bukaera, koreografia eta guzti iritsi zen abestiarekin. Txalo zaparrada luzea jaso zuen abesbatzak bukaeran. Merezitakoa.
Ganbara Txiki eta Hots
Ganbara Abesbatzakoen lan bikainaren ondoren etorri ziren Ganbara Txiki eta Hots abesbatza, azken hori, Aitor Biainen zuzendaritzapean sortu berri den ahots zurien abesbatza. Biek ala biek, folkloreko errepertorioa landu zuten, bai euskal kantak eta baita munduko beste herrialde batzutakoak ere. Haiek ere bikain defendatu zuen euren lana. Kontzertu borobila atzokoa, udako egubakoitz gau batez, belarriak goxatzeko egokia.