Ezagutza jolasekin hasiko dituzte udaleku irekiak astelehenean

Miren Arregi Amasorrain 2017ko eka. 30a, 11:17

Entzierrorik gabeko San Fermin jaien ospakizuna, kiroldegiko kantxa erabiltzeko aukera eta kolore moreko taldea. Horiek dira aurtengo berritasun nagusiak. 525 ume, 47 begirale eta lau koordinatzaile arituko dira euskaraz jolasten eta hezten uztailean.

Begiraleek hala erabakita, joan den urtean ez zen San Fermin egunik ospatu udaleku irekietan, baina guraso askoren eskaerak jaso ondoren aurten ospatuko dute. Hala ere, ez da entzierrorik egingo. Bestalde, eguraldi txarra egiten duenean kiroldegiko kantxa erabiliko dute aurten. Egun horretan, baina, kirola egiteko oinetakoekin joan beharko dira umeak.

Bost gune

Joan den urtean baino 100 ume baino gehiagok eman dute izena udalak antolatutako udaleku irekietan. Guztira 525 ume, 47 begirale eta lau koordinatzaile ariko dira elkarrekin. 10:00etatik 13:00etara ibiliko dira eta adinaren arabera sotoan, gaztelekuaren sarreran, kuboan, azokan eta plazako kioskoan elkartuko eta agurtuko dira egunero. Zaintza zerbitzua ere egongo da.

Uztailaren 3tik 28ra, euskaraz jolastuko dira eta ondo pasako dute. Elkarbizitza eta errespetua moduko baloreak landuko dituzte eta prest dute egitaraua: sukaldaritza, Usakora irteera, naturarekin kontaktua, uraren eguna, piraten eguna, ukenduen tailerra, Landara egun pasa, Garaionen gau bateko egonaldia, munduko jolas ezberdinen ezagutza...

Gurasoek astelehenetan jasoko dute aste guztiko planinga mailez, esku orriz edo telefonoz. Uztailaren 25ean jai izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak