Oñatiko Udalak 2014ko urrian Elkarri lagunduz izeneko programa jarri zuen martxan, herriko merkataritza sustatzea helburu zuena. Bada, horri jarraiki sortu zuten Txantxia, Oñatiko moneta soziala. Orain, ekainaren 30ean, moneta hori zirkulaziotik kanpo geratuko da.
Erabaki hori hartzeko bi arrazoi egon direla azaldu du Unai Kortabarriak, udaleko enplegu teknikariak: "Alde batetik, ikusi dugu herritarren erabilera jaitsi egin dela azken hilabeteetan, eta beste aldetik, hitzarmenaren luzapenerako epera hurbildu ahala, Udalak merkatariekin batera balorazio bat egin du, komertzioak jarraitzeko prest egongo liratekeen ala ez galdetuz. Hala, zenbait establezimenduk adierazi digute eurak ere igarri dutela erabilera murriztu egin dela". Hala, Udalak uste du ez direla baldintza nahikoa ematen proiektuarekin jarraitzeko.
Trukea
Behin Txantxia zirkulazioz kanpo dagoenean, udal bulegoetan trukea egiteko aukera izango da abenduaren 31ra arte, bai herritarrentzat, baita proiektuan parte hartu duten komertzioentzat ere. Txantxi bakoitzeko euro bat jasoko dute trukea egitean.
Funts soziala
Proiektu honek iraun duen bitartean diru funts bat sortu da, funts soziala deitu diotena, eta diru hori herriko proiekturen batera bideratuko dute. "Ia 5.000 eurotako funts bat sortu da, eta diru hori herrian gizarte arloa edota proiektu solidarioak garatzen ari diren erakundeei bideratzeko asmoa daukagu", azaldu du Unai Kortabarriak. Hala, uztailaren 28ra arteko epe bat ireki dute komertzio parte hartzaileek euren ekarpen eta proposamenak egin ditzaten.