Oñatz taldeko dantzarien atzetik, Udal ordezkarien eta senitartekoen artean egin dute Altuna senar-emazteek Zubikoarako bidea. Udal Musika Bandaren doinuekin sartu dira kiroldegira eta horien atzetik Erretiratuen Eguneko ekitaldian eta bazkarian parte hartu gura izan duten herriko adindu asko.
Udal Musika Banda, dantzariak eta bertsolariak ekitaldian
Pake Leku elkarteko Anton Elortzak gidatuta, omenduei opariak banatu eta aurreskuarekin ekin diote ekitaldiari. Segidan, ederto laburbildu dituzte Txinparta Bertso Eskolakoek bertsotan, Altuna eta Basurtoren bizipenak Oñatz dantza taldekoen emanaldiaren aurretik. Une hunkigarrienetako bat, baina, Altuna eta Basurtoren Ander eta Iñigok ilobak trikitia eta panderoa eskuetan taularen gainera igo direnean izan da, sorpresa polita omenduendako eta baita kiroldegian batutako guztiendako ere. Urtero moduan, mahaiaren bueltan, elkarrekin bazkalduta borobildu dute Pake Leku erretiratuen elkarteak antolatutako Erretiratuen Asteko ospakizunak.
Pedro Altuna eta Txaro Basurto: 63 urte elkarrekin
Ekainaren 29an, San Pedro egunean 93 urte beteko ditu Altunak eta 90 urte irailean Basurtok. Gaur egun Zubillagako elkartea den etxean jaio zen Altuna, eta handik gertu dagoen Marteskua etxekoa zen Basurtoren ama. Familia bisitatzera sarritan etorri zen Getxon bizi zen Basurto, eta horrelako egun baten ezagutu zuten elkar. Ezkondu eta lau alaba izan zituzten. Herriko askotariko ekimenetan parte hartu izan dute, horien artean aipatzekoa da, Oñatin ikastola zabaltzeko Txaro Basurtoren Irakasle titulua ezinbesteko laguntza izan zela.