Usadio zaharra da Oñatiko auzo eta baserrietan San Juan sua egitearena eta duela lau urtetik, kalean ere San Juan bezperarako egitarau ederra prestatzen dute antolatzaileek. Arratsaldean txorimalo eta erraldoiak ibili ziren kalean gora eta behera eta gauean egin zen, San Juan suaren bueltan, ekitaldi nagusia.
Txondorrak bikain hartu zuen su eta berehala, Oñatz dantza taldekoek San Juan dantza egin zuten suaren inguruan. Ekitaldia Itziar Arkauzek eta Josu Zubiak aurkeztu zuten eta musika ipini zutenak musika eskolako musikariak izan ziren. Oñatiar asko batu zen herriko plazan suaren magiaz gozatzera eta askok eta askok sutara bota zituzten atzean utzi gura zituztenak.
Oñatz dantza taldearen emanaldiaren ostean, oraindik ere sua piztuta zegoela, Erdizka Lauetan taldearekin plaza dantzak egin zituzten. Asko eta asko animatu ziren dantzara.