6,6ko bataz besteko nota ipini diote oñatiarrek Udal Gobernuaren lanari

Miren Arregi Amasorrain 2017ko eka. 22a, 16:25

Udal politiken inguruan herritarrek duten iritzia jaso du Udal Gobernuak agintaldiaren erdian. Aztiker Ikerguneak egin du azterketa eta 585 herritarri egindako galdeketa baten bitartez atera dituzte ondorioak. Gaur egin dute emaitzen aurkezpena eta Udal Gobernuko kideak pozik agertu dira emaitzekin.

Udal Gobernuaren politiken inguruan herritarrek dituzten balorazioak eta iritziak jaso ditu Udal Gobernuak Aztiker Ikergunearen bitartez eta atzo egin zuten emaitzen aurkezpena udaletxean. Bost gai nagusiren gainean egin da galdeketa: udal kudeaketa, mugikortasuna, komunikazioa, hondakinak eta igerilekua. "Herritarrengandik gertu jardutea da Udal Gobernuaren helburua eta inkesta hau norabide honetan kokatzen da. Autokritikarako bidea ere irekitzen digu eta jarduna hobetzeko baliagarria da", zioen Mikel Biain alkateak.

Udal kudeaketaz

Esan bezala, Udalaren lanaren balorazioa 6,6koa da, batez beste. Bestetik, Udal Gobernua Oñatiko arazoak konpontzen ari dela uste duten herritarrak %36,2 inguru dira. Ia beste horrenbeste dira arazoak nola konpondu jakin bai baina denbora luzeagoa behar duela uste dutenak. %16,6k arazo horiek nola konpondu ez dakitela uste dute.

Bestetik, oñatiarren kezka nagusiak hiru eremutan sailka daitezke: kezka nagusia lan merkatuari eta ekonomiari lotutakoa da; mugikortasunarekin lotutakoak  daude bigarren mailan eta adineko pertsonen arazoak hirugarren. Oñatik duen arazorik garrantzitsuenaz galdetuta, %16,5ek erantzun dute hori aparkaleku falta dela.

Mugikortasunaz

Aztikerreko eta Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, mugikortasunaren alorrean hartu diren erabakiak, orokorrean, positiboki baloratzen dituzte herritarrek. Horren adibide da hartutako bost neurriri 7tik gorako nora ipini diotela herritarrek. Horiek dira Eskolara oinez egitasmoa (7,8), bidegorri sarea (7,6), herribusa (7,5), auzotaxia (7,4) eta Atzeko kalearen oinezkotzea (7,1). Aldiz, ez dira  hain begi onez ikusten TAO (OTA) sistema (5,4) eta Zazpibidietako bidegurutzea oinezkotzea (4,8).

Kontzejupetik, baloratuena

Udal informazioa eskuratzeko medioei dagokienez, "korrelazio handia dago ezagutzaren eta erabileraren artean", dio Aztikerreko Asier Etxenikek. Erabiliena eta baloratuenetarikoa Kontzejupetik aldizkaria da. Gutxien ezagutu eta erabiltzen direnak, berriz, asteroko udal boletin elektronikoa eta Berbia Oñatin facebook orria. Aldi berean, ondoen baloratuenak dira azken horiek.

Hondakin bilketa

Hondakin bilketa sistemaz ere galdetu du Udal Gobernuak. Galdetutakoen %79,3 ondo edo oso ondo moldatzen dira gaur egungo bilketa sistemarekin. %48,9k dio sistemak ondo funtzionatzen duela eta %30,1ek uste du sistema ondo dagoela baina egokitzapenak behar dituela. Sistema aldatzearen alde, %21,1 azaldu da.

Igerilekuan inbertitu beharra

Kiroldegiaren eta igerilekuaren gainean ere galdetu du Udal Gobernuak. Hala, igerilekuaren berrikuntza proiektuaz berba egiten entzun dutenen kopurua %68,6koa da. Igerilekuak berritu beharra duela uste dutenen bataz bestekoa, berriz, %69,1ekoa. Igerilekuan ez, beste zerbaitetan inbertitu beharko litzatekeela uste du %22,3k.

Oposizioaren gainean

Oposizioaz ere galdetu du Udal Gobernuak. %41,5en ustez, Udal Gobernuari kritika eta oztopoak jartzen dizkio oposizioak. %17,3k dio Oñatiko arazoak konpontzeko proposamenak egiten laguntzen duela eta %42,3k ez du erantzun. Hemen argitu behar da, lehen bi aukerak aukeratzeko bidea eman duela Aztikerrek eta horregatik %100 baino gehiago da hiruren arteko batuketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak