Esperotako maila eman zuen Ganbara faktoriaren Pinotxo hariekin lotu gabe musikalak. Bero ikaragarria egiten zuen Zubikoako pilotalekuan, baina horrek ez zuen emanaldia zapuztu.
Bi urteko prestaketa lan gogorraren ostean, maila altua emanaz estreinatu zuten emanaldia: "Pozik gaude. Bi urteko lana bi ordu eta erdian laburbiltzen da eta urduritasunak eta emozioak hor egoten dira. Baditugu gauzak hobetzeko, baina oso pozik egindako ekitaldiarekin eta emaitzarekin", adierazi du Aitor Biain zuzendariak. Parte-hartzaile asko ditu musikalak eta zuzenean izateak zailtasunak dakartzala adierazi du Biainek. "Presioa handia da. Jende asko gara, guztiok komunikatuta gaude –interkomunikazio bidez– eta informazio asko pasatzen da. Eszenatokian zerbait pasatzen bada, horri buelta eman behar zaio, eta horrek bere lana du, baina oso pozik gaude emaitzarekin", gaineratu du.
Pinotxoren rola betetzen duen Irene Urzelai ere gustura azaldu da. "Oso esperientzia polita izan da. Akats batzuk egin ditut larritasun puntu bat sorrarazi didatenak, baina gustura nago", dio.
Protagonistaren ahizpa Ainhoa Urzelai zen, hain zuzen, iratxoaren papera egiten duena. Hau ere pozik dago egindako lanarekin. "Asko disfrutatu dut. Lan handia suposatu digu musikala prestatzeak, baina merezi izan du", azpimarratu du.
Gaur, bi emanaldi
Atzo estreinaldi arrakastatsuaren ostean, gaur, zapatua, beste bi emanaldi eskainiko dituzte. Bat oraintxe, 11:30ean, eta bestea, aldiz, arratsaldean, 18:30ean.