4.500 kiloko altzairuzko bobina erori zitzaion hankara astelehenean zauritutako langileari

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko eka. 14a, 11:53
Anbulantzia Chinchurreta lantegian istripuaren egunean.

Ekainaren 12an, astelehena, Oñatiko Chinchurreta lantegian istripu larria gertatu zen 16:20an. Langile bati 4.500 kilo inguruko altzairuzkoa bobina hanka gainera erori zitzaion bobina lekuz mugitzen ari zenean. Bihar, eguena, Chinchurretako Enpresa Komiteak deituta bi ordutako lanuztea eta elkarretaratzea egingo dira, enpresan lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak eskatzeko.

Osalanek GOIENAri jakinarazi dionez, altzairuzko bobina bat mozketa makinara eramaten ari zenean gertatu zen ezbeharra; C formako gantxo batekin helduta zegoen bobina hori. Bobinak, mozketa makina jartzerakoan, buelta eman zuen eta langilearen hanka gainera erori zen. 4.500 kilo inguru zituen. 35 urteko langilea helikopteroz eraman zuten Donostiako ospitalera eta istripuak eragindako kalteen ondorioz hankaren zati bat moztu behar izan zioten.

LAB sindikatuak "benetako neurriak" eskatu ditu

Sindikatuak gogorarazi duenez, "honako hau ez da lehen istripua, dagoeneko bi hildako eta hainbat istripu larri izan dira Oñatiko Chinchurreta SA enpresan". Hori dela eta "benetako neurriak" hartzeko eskatu dute LAB sindikatutik, horrelako ezbeharrak errepikatu ez daitezen. Gaineratu dute, langileek "bizi ahal izateko" egiten dutela lana, eta lan istripuak ez direla "bizitzako gertakari arruntak". LAB sindikatuak garbi utzi nahi izan du langile bat hiltzea edo zauritzea ez dela "lanaren ezaugarri bat", baizik eta "patronalak lan egiteko orduan ezartzen dituen baldintza eta lan egiteko moduen emaitza".

Enpresari, Osalani eta Lan ikuskaritzari eskatu die istripu hau "behar bezala" aztertu dezatela, eta horrelako gertaerarik berriz errepika ez dadin "ardurak argitu eta behar bezalako arreta, ardura eta neurriak hartu ditzatela".
 
Ekainaren 15ean, eguena,  Chinchurretako Enpresa Komiteak bi ordutako lanuztea eta elkarretaratzerako deia egin du, 13:00etatik 15:00etara enpresako atarian, enpresan lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak eskatzeko. Chinchurretan lan istripu gehiagorik ez! Gure Lan osasunaren alde! lelopean elkartuko dira enpresa aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak