Japoniako hirukote indartsuak eta energiaz betetakoak zabaldu zuen emanaldia; atzoko gaueko sorpresa handienetako bat izan zen publikoan bildutako askorentzako. Geroago Gorka Urbizuk, Berri Txarrak taldeko abeslariak ere azalduko zuen moduan, elkartasun kontzertua izango zela aurreratu zuen agertokira igo zen japoniarren laguntzaileak, The Skippers-en doinuak entzuten hasi aurretik. Emanaldia, 2012. urtean tsunamiaren eraginez Fukushiman izandako gertakari latzen ondoren hango musika eszena bultzatu eta pixkanaka berriz ere martxan jartzeko proiektu baten –Tohoku Livehouse Daisakusen– parte zela azaldu zuen. "Geuk ere bat egin nahi izan dugu ekimenarekin. Hortaz, gaurko akordeak Fukushimaren aldekoak dira" azaldu zuen geroago, Urbizuk.
Japoniarren energia gainezka izan zuen ordubeteko emanaldiaren ondoren, eskarmentu eta ibilbide luzea duten New Orleans (Frantzia) laukoteak hartu zuen lekukoa gaztelekuko agertokian. Horiek ere, txukun bete zuten eurentzako gordetako tokia; eta halaxe erantzun zien publikoak ere, kantu gehiago jotzeko eskatuta.
22:15ean igo zen Berri Txarrak hirukotea agertokira; zaleak gogoz, ohikoa izaten den agertokiaren eta publikoaren arteko hutsunea ere betez. Ordu eta laurdenean ibilbidearen gainbegiratua egin zuten nafarrek lan berrietako kantuak eta zaharragoak tartekatuta. Gogoz ekin zioten eta halaxe bete zuten kontzertuaren euren tokia, azkenekoz Oñatin orain dela 20 urte jo zutela gogora ekarrita.
Argazkiak: Joxemari Azpitarte (Oñatiko gaztelekua) eta Ixmael Rueda