Ia osorik aurkitu den leizeetako lehoiaren hezurdura bakarra da iberiar penintsulan eta bakarrenetako Europan. Beraz, bere garrantzia izugarria da. Hezurdura osoa atera eta ikusgai ipini zuren zapatuan Gordailuan –han kontserbatzen da– eta bisitara animatu ziren herritarrak aho-zabalik utzi zituen haren tamainak. Bisita hitzalditxo batekin hasi zen. Asier Gomez paleontologoak leizeetako lehoiaren eta hura Europan bizi izan zen garaiaren gaineko azalpenak eman zituen. Ondoren joan ziren Arrikrutzen aurkitutako lehoiaren hezurdura ikustera eta bisitariek ez zuten galderak egin eta haren gainekoak ezagutzeko aukerarik galdu.
Karbono 14aren azterketa
Arrikrutzeko Panthera spelaea pleistozeno garaikoa dela badakigu baina ez dakigu zehatz duela zenbat mila urte bizi izan zen Arrikrutzen. Horretarako, eskeletoaren zati bat hartu eta karbono 14aren azterketa egitea ezinbestekoa da. Bada, han aurreratu ahal izan zutenaren arabera, asmoa da Arrikrutzeko lehoiari proba egitea eta Foru Aldundiak gurako luke ondoren Atapuercan eta San Telmon erakusgai ipintzea. Duela 51 urte hezurdura aurkitu zenetik ez da inon erakusgai ipini.
Gordailura bisita
Irungo Gordailua –Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa– ere bisitatu zuten lehoiaren hezurdura ikusi ondoren bisitan parte hartu zutenek. Ikusi ahal izan zuten, bilduma oso baldintza –tenperatura eta hezetasun– kontrolatuan dagoela gorderik. Bilduma arkeologikoan –Eusko Jaurlaritzaren bilduma da hori– 200.000 piezatik gora dago Gordailuan. Gainerakoan, Foru Aldundiaren eta San Telmo museoaren jabetzakoak direnak, 65.000tik gora dira. Hor dago bilduma etnografiko itzela, eta baita arte bilduma oparoa ere.