Oñatiko EAJk, EH Bilduren udal gobernuaren bi urteko balorazioa egin du. Lourdes Idoiaga jeltzalearen hitzetan, "inposizioan eta inprobisazioan oinarritutako bi urte izan dira, bai alor ekonomikoan eta bai proiektuak gauzatzeko orduan. EH Bilduren udal gobernuak ez du gaitasunik arazoei irtenbidea emateko", adierazi du. Adibide gisa, kirol-azpiegiturak aipatu dituzte jeltzaleek: "Udal gobernuak bi urte baino gehiago daramatza gaia lantzen eta oraindik ez du inolako irtenbiderik eskaini egungo arazoei aurre egiteko". Puntu horretan, Eskola Kirolaren gaia eta igerilekuaren saturazioa aipatu dituzte jeltzaleek: "Uda badator eta igerilekua handitzeko proiektuaren inguruan oraindik ez du ezer erabaki", adierazi dute.
Zaraten gaia dela-eta
Kale Zaharreko zaraten gaia ere atera dute jeltzaleek balorazioan eta salatu dute, oraindik ez zaiola gaiari irtenbiderik eman. Gaineratu du, EAJk hainbat proposamen egin dituela arazoa konpontze aldera, "baina, berriz ere, EH Bilduk ez diola arazoari irtenbiderik eman". Jarraitu du esanaz, bizikleten eta patineteen zirkulazioaren inguruko ordenantzaren gaia ere berdin dagoela: "Ez da ezer egin", diote.
"Erabakiak inposatu"
Bestalde, udal gobernuak erabakiak bere kasa hartu eta inposatu egiten dituela salatu du EAJk. Jarraitu du esanaz, halaxe jokatu duela "Txaketuako bidegurutzea ixteko orduan, TAO sistema ipintzerakoan edo erdigunea piboteekin ixteko neurria hartzean". Gainera EAJk dio, zentzu horretan ez duela zuzen jokatu, "ez baititu aintzat hartu erabakiek ekarriko dituzten ondorioak eta arazoak": "Horren adierazgarri dira mugikortasun urriko herritarren salaketak edota erdiguneko merkatariak dirua galtzen hasi izana. Esate baterako, San Migeleko kooperatibaren salmentak %8,71 jaitsi dira apirilean eta betiko bezeroak urteetako harpidetzari uko egiten hasi dira".
"Arrisku ekonomikoa"
Bestetik, bere desadostasuna azaldu du udal gobernuaren aurrekontu politikarekin. Esate baterako, hondakin-bilketarako atez-ateko sistema mantentzea eta kale-garbiketaren kudeaketa zuzenean egitea ez dutela begi onez ikusten diote. Eta gaineratu dute, lehen auziko epaileak FCCko lau langile ohi 222.000 eurorekin indemnizatzera edo berriz ere lan-taldean sartzera zigortu duela udala. Jakinarazi dutenez, udalak errekurtsoa ipini du eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren esku dago gaia.
Bukatzeko jeltzaleek EH Bilduren "ekimen falta" nabarmendu dute: "Ez du ezer egin herritarren elkarbizitza hobetzeko" eta "ez ditu eguneratu nerabeen alkohol kontsumorako prebentzio-programak".