Melillarako karabana irteeraren aurkezpena

Iker Oñate 2017ko eka. 2a, 11:41

Bi oñatiar greziako kios irlan, iaz, herritarrei bidaliriko elikagai eta materialengatik eskerrak emanez.

'Mugak zabaltzen, Melillara karabana' hitzaldia antolatu du Hotz Oñatik martitzenerako; Jose Masa eta Txefo Mendez izango dira hizlariak. Nagusiki, uztailaren 14tik 22ra bitartean egingo den egitasmoa aurkeztea dute xede.

Hotz Oñati eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeek, elkarlanean, hitzaldia eta bideo emanaldia –30 minutu inguruko iraupena duena– antolatu dituzte ekainaren 6rako; 19:00etarako finkatu dute hitzordua, Antixena gaztetxean. Bertan, Jose Masak eta Txefo Mendezek jardungo dute hizlari; aurreko urtean Greziara eginiko karabana egitasmoan parte hartzaile izan ziren horiek biak.

Hizlarien esperientziatik abiatuta, aurrera begira antolaturiko ekitaldia da. Alegia, besteak beste, aurtengo karabana egitasmoa aurkeztea dute helburu antolatzaileek: uztailaren 14tik 22ra bitartean egingo da, Melillara. Zehatz esanda, Euskal  Herritik, Kataluniatik eta estatuko beste hainbat lekutatik irtengo da autobus-karabana.

Horri lotuta, antolatzaileek martitzeneko hitzordura bertaratzeko dei egin diete herritarrei. Euren esanetan, "hitzaldi paregabea da egitasmoan izena eman, gaiaren inguruko informazioa jaso edota babesa adierazi gura duenarentzat".

Hotz Oñatiko kide Iñaki Urizarrek, berriz, Melillara egingo den autobus-karabanan esku hartzearen garrantzia azpimarratu du: "Ez dugu Greziara joan beharrik errefuxiatuek bizi duten egoera latzaz jabetzeko. Hemen inguruan ere ikus daiteke hori. Gauzak horrela, Melillan aukera paregabea izango dugu gure kexak lau haizetara zabaltzeko; eta, protestak norbaitengana iritsiko dira, seguru. Hemen jaramon gutxi egiten baitigute". Melillako ministerioetan eta CIEtan egingo dute protesta, hain zuzen ere.

Pintxo-pote solidarioa

Aipaturikoaz aparte, beste ekintza bat antolatu dute datorren asterako: musikak giroturiko pintxo-pote solidarioa egingo dute ekainaren 9an. Herriko plazan finkatu dute hitzordua, 19:00etan hasita.

Azaldu dutenez, konfiantzazko taldeetara edo egitasmoetara bideratuko dute egunean bildutako dirua. Hor daude Himalaya proiektua, Movil kitchen eta SOS Refugiados.

Kontzientziazioan sakonduz

Aurrera begira ere ekintzak antolatzen segitzeko asmoa berretsi dute Hotz Oñatiko kideek; horiek gehienek, herritarren kontzientziazioa izango dute helburu. Hainbaten artean, hitzaldiak eta bideo emanaldiak antolatuko dituzte. "Jada ohiko bilakatu dira errefuxiatuei loturiko albisteak. Hala, bizi duten egoerak jada ez gaitu horrenbeste harritzen. Horri aurre egin beharra dago", dio Urizarrek

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak