Bat-bateko saioa, gaur, Supituki taldearekin

Miren Arregi Amasorrain 2017ko eka. 2a, 11:26

Kilometroak 2017k eta Irazan Antzerki Guneak antolatuta, gaur, egubakoitza, 'Supituki' antzerki emanaldia egingo da gaztelekuan, 22:30ean. Bihar, berriz, arte plastikoen eguna izango da; Kilometroak 2017rako graffiti bat margotuko dute.

Irazan antzerki gunearen proiektu desberdinen artean antzerki inprobisatuarena dago. Ikasturte honetan inprobisazio emanaldi bat sortzen aritu dira eta eta lan horren fruitua dastatzeko aukera gaur bertan egongo da,  22:30ean, gaztelekuan. Sarrerak 5 eurotan eskuratu ahal izango dira, gaztelekuan bertan. Kilometroak 2017k eta Irazanek elkarlanean antolatutako ekintza izango da hori.

Supituki izeneko antzerki emanaldia lau inprobisatzailek osatuko dute, baina publikoak garrantzia handia izango du. Gaztelekuan bildutakoei papertxo bana emango zaie ideia bat idatz dezaten eta horren gainean jardungo dute Irazaneko inprobisatzaileek. Galaren eta taldearen izenaren gainean honako azalpena eman du taldeko kide Egoitz Aizpuruk. "Supituki edo bat-batean erreakzionatzen dugulako ipini diogu Supituki izenburua gaurko emanaldiari".

Gaurkoa, bigarrena

Irazaneko kideek inprobisazio emanaldi bat eskaintzen duten bigarren aldia izango da gaurkoa. Iaz egin zuten lehena, Irazan talde sortu berria aurkezteko. Orduko hartan esperimentatutakoa sakontzea gura izan dute: "Supitukiren hazia aurreko urteko inprobisazio galan erne zen. Laurok batu, taldeak ondo funtzionatu zezan oinarri batzuk finkatu eta astero elkartzen gara inprobisazioa lantzeko".

Momentuz lau kidek osatzen dute taldea: Ariane Telleriak, Itziar Arkauzek, Josu Zubiak eta Egoitz Aizpuruk. Laurak ere, hasiera-hasieratik Irazan Antzerki Guneko kideak eta inprobisazioa asko interesatzen zaienak.

Bihar, 'Artea Kalean'

Bihar, berriz, arte plastikoen eguna izango da. Goizean goiz, Joana Mancisidor margolaria Kilometroak 2017rako graffiti bat margotzen hasiko da Txantxiku Ikastolako patioan. Zuzenean bere lana nola burutzen duen ikusteko aukera izango da, izan ere, goizeko hamaiketatik aurrera haurrendako ekintza desberdinak antolatu dira ikastolako patioan.

Mancisidorrekin batera, Joxe Oleagak live painting saioa egingo du. Ipuin kontalari baten narrazioarekin batera Oleagak bere irudi propioak sortuko ditu bertan bildutakoen aurrean. Ikusle izateaz gain, txikienek izango dute aukera euren arte erakustaldia egiteko. Ikastolako patioan Lekaixoka irudi erraldoia margotzeko aukera izango baitute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak