Neumatika kategorian, Julen Markez eta Beñat Landa bergararrak izan dira azkarrenak Errekaldeko aldapan behera, 56,176 segundotan osatu dutelarik helmugarainoko ibilbidea. Kategoria bereko bigarrenak Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa izan dira 0,133 segundoko alde txikiarekin. Podiuma Samuel Torricok eta Aritz Larrinagak osatu dute.
Goitibehera arinei dagokionean, Julen Gonzalez izan da azkarrena, 01:00.683-ko denborarekin. Txapeldunordea Aaron Delgado izan da (01:01.598), eta haren ostean Ander Odriozola (01:04.466).
Bukatzeko, Drift Trike kategorian ere bergarar bat izan da garaile, Aitor Zabaleta, atzo Gorlako auto igoera irabazi zuen pilotu ezagunaren semea, hain zuzen. 01:16.435-ko denbora egin du Zabaletak. Kategoria berean bigarrena Ibai Urrutia izan da, txapelduna baino 0,97 segundo beranduago helmugaratu dena. Hirugarren postua, berriz, Aritz Etxaberendako izan da (01:17.583).
Antolatzaileek proban izandako giro ona nabarmendu dute, eta pozik agertu dira, bai pilotuek eman duten mailarekin, baita gerturatu den ikusle kopuruarekin ere.