Minutu askoan jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, ezin irabazi Aloñak: 1-1

Mireia Bikuña 2017ko mai. 28a, 19:56

Oñatiarrek ez dute aprobetxatu, Zarautz jokalari bat gutxiagorekin geratu dala. Atezainak txartel gorria ikusi du 8. minutuan, baina, etxekoek ez dute jakin partidua irabazten. Ligako azken partidua izaki, eskerrak emateko eta agurrak egiteko eguna izan da. Eskerrak, zaleei, urtean zehar erakutsitako babesarengatik; eta, agurrak, Julen Agirreri eta Julen Palaciosi, futbola uzten dutelako.

Mutrikun jaitsiera baieztatu ostean, Aloña Mendik ez zuen ezer jokoan gaurko partiduan. Gauza bakarra: zaleei garaipena eskaini. Baina, ezinezkoa izan zaie.

Lehen zatian, jokalari bat gutxiagorekin jokatu arren, ez dute nagusitasunik erakutsi. Lehia oso parekatua izan da. Lehen gola 33. minutuan egin du Zarautzek. Ondo jositako jokaldi batean, Joxe Marik egin du azken errematea. Gol horren ostean oñatiarrek lerroak aurreratu dituzte, eta berdinketaren bila joan dira.  41. minutuan lortu dute. Joseba Irizar, zelaiaren ezkerraldetik, baloia erdiratzen saiatu da, baloi itxia atera zaio, atezaina lekuz kanpo harrapatu du, eta berdinketaren gola sartu du.

Bi baloi langara

Bigarren zatian zarauztarrak gehiago izan dira zelaian, eta aukera garbiak izan dituzte garaipena lortzeko. hain justu ere, langara bidalitako bi baloia: alde batetik, 67. minutuko penalti jaurtiketa; eta, beste alde batetik, 86. minutuan Julenek buruz egindako errematea.

Norgehiagokaren amaieran une hunkigarriak bizi izan dira Azkoagain futbol zelaian. Agurreko lehia izan da gaurkoa Julen Palaciosendako eta Julen Agirrerendako.

Esker mezua

Denboraldi luze bezain gogorraren bukaeran eta maila galduta, esker oneko mezua izan du klubak zaleekin: "zuzendaritza batzordeko kideok, entrenatzaileok, delegatuok, jokalariok eta gainerako laguntzaileok eskertu nahi diegu zale guztiei euren laguntza eta babesa denboraldi osoan zehar. Datorren denboraldian taldea babesten jarraituko dutelakoan, Aupa Aloña", esan dute megafoniatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak