Itzalen mundua izena jarri dio bildumari, sortan jasotako kantu bat aintzat hartuta. “Izenburu horrek uste dut nahiko ondo islatzen dituela kantuetako hitzak eta, orokorrean, diskoa. Azalarekin ere ondo dator, zuria da, eta itzal bakoa. Kantu horretan diodan moduan, pertsona edo gauza baten itxurak ez du beti dena adierazten, eta, horregatik, askotan, benetakoa ikusteko, begiak itxi egin behar dira. Barruan nuena ondo batzen du”.
Laburra, baina intentsua
Gitarra akustikoa eta ahotsa ardatz nagusi duten sei abesti lasairekin osatu du 30 minutuko diskoa. “Abentura hau hau proba bat da niretzako. Baditut kantu gehiago; hala ere, ez nuen errepikapenetan jausi gura, ezta laguntza eskatu diedan lagunak estutu gura ere. Kantu melodikoak dira, pop, rock lasai eta country ukituak dituztenak. Azkenaldian, Ryan Adams musikariaren oso zale bihurtu naiz; oso gustuko dut estilo ezberdinetatik edateko duen joera, eta horrela atera zait niri ere. Azkenaldian entzuten ditudan musikarien eraginak sumatzen dira: Adams, The Jayhawks, Bruce Springsteen, Wilco, REM, Lucinda Williams...”.
Hainbat arrazoik bultzatu dute diskoa ateratzera: “Musika asko idazten dut, baina ezin kantu guztiak Lenao taldearekin erabili, eta kanpoan geratzen zaizkit asko. Era berean, badira urte batzuk abesten zaletu naizela; eta izan edo jarduten dudan taldeekin, normalean, ez dut abesten, baina nire disko bat ateratzeak aukera hori emango zidala konturatu nintzen. Eta hirugarrenik, pertsonalki, hainbat haustura bizi izan ditut; ondorioz, denbora libre luzeagoa izan dut, eta gertatu edo bizitakoei buruz berba egiteko beharra eta gogoa sentitu nuen. Orain, gustura nago; uste dut diskoak ondo islatzen duela naizena eta bizi dudan unea”.
Kantuekin barrena askatuz
Maitasunari egindako omenaldia dela dio, eta, abesti bakoitzak matiz propioak baditu ere, guztiek bat egiten dutela haustura eta berriz hastearen beharrarekin. “Orokorrean, ez da disko ezkorra, une zehatz baten idatzita badago ere. Ez diot nire buruari minik egiten. Esaterako, Aldatzen doa kantuan, pertsona moduan izan dudan aldaketari buruz jarduten dut. Une zehatz bati lotutakoa da Bizi berria; bizi gutxi dagoen une bat, baina udaberria gerturatzen ikusten dena. Bebarrua, berriz, pertsona konkretu bati eskaini diot, maitasunak duen indarrari buruz. Abesti oso pertsonala da, Errua, duintasunari buruzkoa...”.
Musikari onen babesean
2015eko azaroan Elizondon egin zuen oporraldian konposatu zituen kantuak; abenduan ideia lantzen hasi, eta otsailean hasi zen diskoa grabatzen. “Zazpi tokitan eta zatika grabatu dugu. Iñaki Zubia oñatiarrak izan du ardura nagusia, baina Kaki Arkarazorekin grabatu genituen bateria-doinuak. Ondoren, Estanis Elorzak (Doctor Master) masterizatu du guztia”.
Gitarra eta ahotsa ditu oinarri, baina kolaboratzaile asko batu ditu: Antton Telleria, perkusioa eta bateria; Arantzazu Saiz, pianoa; Iñigo Ugarte, gitarra; Iraia Aizpuru, biolina; eta Ander Etxaniz, baxua. Horiez gainera, Iñigo Ibarrondok, Iñigo Arrazolak eta Lide Hernandok ahotsak sartu dituzte. “Marko nagusia markatu nien, baina beharrezko moldaketak egiteko eskatu nien, eta kantuek asko irabazi dute”.
Zuzenekoak, baina, bakarka egingo dituela gaineratu du. “Irailaren 22an, Kilometroak 2017 jaiaren testuinguruan, Ruper Ordorikaren telonero izango naiz, eta ari naiz beste batzuk lotzen”.
PUNTUArekin batera banaketa
Saltzeko gosea baino gehiago, jendeak lana entzuteko nahia du. “Ahalik eta etxe gehienetara heldu gura zuela esanez etorri zen gugana. Ekainaren 2an Goiena Klubeko kideek PUNTUA aldizkariarekin CDa etxean doan jasotzea adostu genuen. Egiteko modu hau Iker Martinezekin hasi dugu, eta, zeinek daki... akaso, gehiago ere jasoko dute Goienako Klubekoek”, dio Iban Arantzabal zuzendariak