Azken ukituak, eta agertokira

Iker Oñate 2017ko mai. 26a, 10:04

Musikaleko protagonisten talde argazkia. Argazkia: Natxo Santos.

Musikal berriaren prestakuntza lanetan murgildurik dihardu Ganbara Txiki Abesbatzak. Ekainaren 16 eta 17 bitartean eskainiko dute Pinotxo, hariekin lotu gabe lana. Guztira, hiru emanaldi egingo dituzte egun horieta.

Gero eta gutxiago gelditzen da Ganbara Txikiren Pinotxo, hariekin lotu gabe musikalaren estreinako emanaldirako. Hala, azken ukituak ematen hasiak dira protagonistak. Guztira, 35 aktorek esku hartuko dute egitasmoan. Horiez gain, baina, jende ugari dabil ile apaintzaile, makillatzaile eta teknikari lanetan. Horrenbestez, guztira, 75 pertsonak egiten dute posible Pinotxo, hariekin lotu gabe musikala.

Esan bezala, ekainaren 16 eta 17 bitartean hiru emanaldi eskainiko dituzte musikaleko protagonistek. Egubakoitzean, ekainaren 16an, egingo dute lehen saioa, 18:30ean. Zapatuan, bestetik, bi emanaldi izango dira: 11:30ean eta 18:30ean. Kiroldegiko pilotalekuan finkatu dituzte hitzordu horiek guztiak. Horren ostean, beste herri batzuetako agertokietan jarduteko asmoa ere badute.

Ganbara Txikik bi ordu eta erdiko saioa prestatu du, Aitor Biainen zuzendaritzapean. Horretarako, entseguak hasi aurretik, jatorrizko musikala euskararatu eta moldatu beharra izan dute; Carlo Collodik idatziriko eta Mary Donellyk eta George L.O. Stridek musikal bilakaturiko lana du oinarrian egitasmo berriak. "Eszenifikazio lanak egiteaz gain, horiek euskaraz aurkeztea da gure helburu nagusia; alor horretan oso urria baita euskarazko produktuen eskaintza. Hori horrela, jatorrizko musikala itzuli beharra izan dugu; Josu Zubiak, Irene Agirrek, Karmen Bikuñak eta Miguel Angel Guridik jardun dute horretan", dio Ganbara Txikiko zuzendari Aitor Biainek.

Horrez gain, jatorrizko musikala garatu behar izan dute, iraupen luzeko lana eskaini guran; ordubete inguru irauten zuen hasierako bertsioak. Jarduera horretan, abestiak moldatu –eta, hainbat kasutan, luzatu–  dituzte. Bi urte pasa iraun du prozesuak.
Horrek, besteak beste, Pinotxoren istorioa beste ikuspegi batetik lantzeko aukera eman die. "Pinotxoz mintzo garenean, istorio tristea datorkigu burura. Gurea, baina, ez da izango gisa horretakoa. Buelta eman diogu istorioari; koloreek, argiztapen teknikek eta musikak zeresana dute horretan", azaldu du Ganbara Txikiko zuzendariak.

Txotxongiloa haur izan guran

Pinotxo, hariekin lotu gabe musikalak Chipper eta Alex ditu protagonista. Berandu irten dira eskolatik; eta aitona zain dute kanpoan. Orduan, aitonak bere liburu gustukoena begiztatzen du haurren poltsan;  zehatz esanda, Pinotxoren ipuina da aipaturikoa. Eta, hain zuzen, etxera heldu bezain pronto, liburua irakurtzen hasten dira, ipuinaren barrura sartuta.

Une horretatik aurrera, Pinotxori Wzamacalliten gertatutakoak ikusarazi eta entzunaraziko dituzte protagonistek. Izan ere, haur bihurtu nahi duen egurrezko txotxongiloa da Pinotxo, baina zenbait baldintza bete beharko ditu saiakera horretan; eskolara joatea, adibidez. Hortik aurrerakoa zintzilik utzi du Biainek: "Joango al da? Iritsiko al da? Inoiz ikusiko al dugu Pinotxo hariekin lotu gabe?".

80 pertsonaia, 35 aktore

Guztira, 80 pertsonaia ditu musikalak; gauzak horrela, aktore batzuek pertsonaia bat baino gehiagoren antzezpena hartu dute euren gain. "Sekulako erronka da. Saioan zehar hara eta hona ibili beharko dute batzuek, jantzia eta makillajea aldatzeko, esaterako", argitu du Biainek.

Sei agertoki ezberdin izango ditu ikuskizunak. Horri dagokionez, gainera, berrikuntza batekin dator Ganbara Txiki: orain arte antzezturiko musikalekin ez bezala, lurraren eszenografia landuko dute. Alfonbra ezberdinak erabiliko dituzte horretarako, hainbaten artean, zelaia eta lantokiko lurra irudikatzeko.

Entseguetan murgildurik

Gaur-gaurkoz, entseguetan murgildurik dihardute, musikalari azken ukituak emanez.  "Muntaia handia da. Erronka ez da makala taldearentzat, baina bide onetik doaz entseguak", aitortu du Biainek. Irailaz geroztik dihardute prestakuntza lanetan.

Aktore lanak egingo dituztenek ez ezik, musikala aurrera ateratzeko sorturiko azpi-taldeetako kideek ere –tartean, konposizioa, makillajea eta eszena tresneria kudeatzearen ardura dutenak– esku hartzen dute entseguetan. "Talde profesional gisara dihardugu. Dena den, hori ez litzateke posible izango kolaboratzaile sare zabala izango ez bagenu; guraso asko daude proiektuan murgildurik. Eskertzekoa da hori", dio Biainek.

Bestetik, Pinotxo, hariekin lotu gabe ez da Ganbara Txikik bere ibilbidean landuriko lehen musikala. Atzera begira, esaterako, Altxorraren uhartea bataiaturiko lana aurkeztu zuten. Orduan, Oñatin ez ezik, beste zenbait herritako agertokietan ere jardun zuten. Bada, esan bezala, ikuskizun berriarekin bide beretik jarraitzea da asmoa; gauzak horrela, uneotan, hitzorduak adosten dihardute Ganbara Txikiko kideek.

Dena den, Altxorraren uhartea egin zuteneko esperientzia ez zaie bizipen hutsean gelditu. "Asko ikasi genuen musikal hura egin genuenean; eta horrek ikuskizun ikusgarriagoa sortzea ahalbidetu digu. Hau da, aurrekoan landu ez genituen zenbait esparrutan sakondu dugu musikal berrian", esan du zuzendariak.

Aipaturikoaz gain, musikal laburragoak ere eginak ditu Ganbara Txikik. Tartean dira Arratoiak, Mirrix katua, Alami eta Jolasean ikuskizunak.

Diskoa prest

Musikaleko partaideek apirilaren 20an eta 21ean grabatu zituzten lan berriko abestiak; Eltzian egin zituzten grabaketa saioak. Hala, hogeita bat abesti biltzen dituen diskoa prest izango dute musikalaren aurkezpen egunerako. Salgai jarriko dute.

Sarrerak eskuragarri

Oraindik eskuragarri daude sarrerak; Txokolateixan eta Sacatuentrada webgunean eros daitezke. Maiatzaren 31ra bitartean, 12 euroko prezioa izango dute –hortik aurrera, 15 eurora igoko dute salneurria–.

Bestalde, aforoa dela-eta, 1.425 sarrera jarri dituzte salgai; alegia, 475 pertsona sar daitezke saio bakoitzean. Biainen esanetan, "bide onetik" doa sarreren salmenta; gaur-gaurkoz, 700 inguru dituzte salduta.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak