Batasunak eta indarrak, ezin sailkapenari irabazi

Eneko Azurmendi 2017ko mai. 26a, 09:28
Aloña Mendikoak Mutrikun, maila galdu ostean. Argazkia: Aratz Losada

Denboraldi osoan Ohorezko Erregional Mailan mantentzeko borrokan aritu da Gotzon Urzelairen Aloña Mendi, eta, bigarren itzulian taldeak maila txukuna erakutsi duen arren, oñatiarrek ezin izan diote mailari eutsi, Mutrikun berdindu ondoren.

Aloña Mendik garaipena behar zuen Mutrikun, mailari eutsi ahal izateko. Hala ere, partidu gogor eta lehiatua jokatu ostean, Gotzon Urzelairen mutilek ezin izan zuen helburua lortu. Horrenbestez, Erregional Preferentean arituko dira oñatiarrak datorren denboraldian. "Jaitsiera bat inoiz ez da erraza, kolpe handia da, bai elkartearendako, bai taldearendako, baita norberarendako ere", adierazi du Urzelaik. Haren esanetan, denboraldi hasierak kaxkarrak "kondenatu" du taldea. "Bigarren itzulian gora egin dugu nabarmen. Ez gara heldu helburura, ez dugu maila mantentzea lortu".

Borroka berean –mailari eustekoan, hain zuzen– zeuden taldeen aurkako partiduetan taldeak ez du behar adinako mailarik eman, Urzelairen arabera. "Funtsezkoak ziren partiduetan beti falta izan zaigu zerbait, momentu erabakigarrietan ez dugu jakin izan erantzuten eta puntuek ihes egin digute. Mantendu gura bagenuen, partidu horietan maila hobea eman beharko genukeen, eta ez da hala izan".
Bestalde, lesioek eta bajek ere taldeari eragin diotela adierazi du entrenatzaileak. "Ez dut justifikatzeko esaten, baina eragile asko egon dira. Lesio eta baja asko izan ditugu urtean zehar eta horrek eragina izan du taldearen egoeran eta dinamikan", nabarmendu du.

Taldea bat eginda

Denboraldi zaila izan da hau Aloña Mendirentzat, urte osoan borrokan eta jaitsieraren mamua atzean zutela ibili dira-eta oñatiarrak. Hala ere, taldea bat eginda egon da une oro, eta hori azpimarratu nahi izan du Urzelaik. "Urte erraza ez izan arren, taldea beti batuta mantendu izan da. Gure sailkapeneko egoerak okerrera egin duen heinean, nortasun handiagoa erakutsi du taldeak, eta hori kontuan hartzekoa da", azaldu du. Era berean, "penaz" dago emaitzek ematen duten poztasun hori jokalariengan ezin ikusi ahal izanagatik".   

Urterik onena

Taldeak maila galdu duen arren, bergararrak modu positiboan baloratu du denboraldia, arlo pertsonalari dagokionez. "Emaitza aldetik nahi genuen moduan bukatu ez dugun arren, arlo pertsonalean, niretako, urterik onena izan da aurtengoa. Formazio aldetik eta entrenatzaile moduan gehien ikasi dudan urtea izan da, eta talde barruan ere antzeko sentsazioa dagoela uste dut, hori transmititzen didate jokalariek ere", dio.

Aloña Mendi "zerbait berezia" dela adierazi du. "Andoni Azkargortak denboraldi hasieran esan zidan Azkoagainera entrenatzera joatea master bat zela entrenatzailearendako, eta hala izan da. Aloñak filosofia markatu bat dauka eta hori jokalariek eta elkarteak berak lortutako gauza bat da", dio.
Kontratua berritzeko aukera izanez gero, "begiak itxita" sinatuko lukeela azpimarratu du,  "goranzko bide hau" mantentzeko helburuarekin. "Pauso bat eman dugu atzera, baina gerora bi aurrera egiteko balio lezake honek", zehaztu du.

Denboraldia "ahalik eta duinen" amaitzen saiatuko da Aloña Mendi domekan Azkoagainen, 16:30ean, Zarautzen aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak