Badatoz Oñatiko Errekalde auzoko jaiak

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mai. 24a, 18:40
Goitibehera jaitsierako momentu bat.

XV. urteurrena ospatuko dute asteburu honetan Oñatiko Errekalde auzoko jaiek. Data seinalatu horretarako egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek.

Ostiral honetan hasiko dira Errekaldeko jaiak; lehen gaua, ohitura den moduan, Rock kontzertuei eskainiko zaie. Antolatzaileek Peter and The Test Tube Babies talde erresuma batuarrak eskainiko duen kontzertua nabarmendu nahi izan dute. "Kontzertu berezia" dela esan dute, izan ere, taldeak 40 urte betetzen ditu oholtza gainean. Beraiekin batera, estatu mailan sona handia hartzen ari den Rat-Zinger talde bilbotarra, Porno-Punka jorratzen duen Discípulos de Dionisos talde donostiarra eta Durangaldetik gogor datorren Nevadah taldea egongo dira.

Horretaz gain, urtero bezala ostiral eta zapatuan txorimaloak eta garagardo dastaketa egongo dira. Garagardoa, gainera, Oñatiko garagardogileen esku egongo da. Hurbiltzen direnek beraz, herriko garagardoa dastatzeko aukera izango dute.

Larunbat arratsalde-gauean erromeria egongo da Oñatiko Gaitzerdi eta Zornotzako Batek Daki taldeekin. Horren aurretik, auzo bazkaria egingo da, aurten lehenengo aldiz igandean izan beharrean larunbatean egingo da. Ohiko Mus txapelketa ere larunbatean izango da eta Goitibeherak aldiz, igandean. Goitibeheren ostean, eta jaiei amaiera emateko, bertso saioa egongo da.

EGITARAUA

Maiatzak 26, ebaikotza 

18:59    ITXAFLERO JAURTIKETA 
19:00    TXORIMALOAK AUZOKO KALEETAN ZEHAR 
19:00    PINTXO POTEOA (GARAI harategiaren laguntzarekin)
19:30    HERRIKO GARAGARDO DASTAKETA
21:00    ROCK KONTZERTUA
NEVADAH
DISCÍPULOS DE DIONISOS 
RAT-ZINGER
PETER & THE TEST TUBE BABIES
Ondoren    AFTER-KARAOKE SOUND

 

Maiatzak 27, zapatua

14:30    AUZO BAZKARIA
(Txartelak parbularioan eta Errekaldeko dendan) 15 €
16:00    MUS TXAPELKETA
18:30    TXORIMALOAK AUZOKO KALEETAN ZEHAR
18:30    HERRIKO GARAGARDO DASTAKETA
19:00    ERROMERIA GAITZERDI TALDEAREKIN  
22:00    ERROMERIA 
GAITZERDI
BATEK DAKI
Ondoren    BIKOIZKETAK ETA KARAOKEA AFTERREAN

 

Maiatzak 28, domeka

13:00    OÑATZ DANTZA TALDEKO UMEEN IKUSKIZUNA
16:00    VIII. GOITIBEHERA JAITSIERA
19:00    BERTSO SAIOA 
Gontzal, Aritz, Tati, Pollan, Olaeta, Xabi eta Urko
Jarraian    BOLETOEN ZOZKETA 
00:00    ITXAFLERO JAURTIKETA 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak