Unai Gilen golarekin garaitu du Aloñak partidu borrokatua

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 14a, 19:19
Aloña eta Vasconia taldeen arteko partidua tentsioduna izan da azken minutetan.

Azkoagainen, 1-0eko garaipena lortu du Aloña Mendi futbol taldeak Vasconiaren aurka. Tentsioz betetako partidua izan da, gogorra, baina oñatiarrek garaipena behar zuten bai ala bai, eta larri, baina hiru puntuak eskuratzea lortu dute, lehen zatian Unai Gilek sartutako golari esker.

Lehen zatiko lehen minutuetan oñatiarrak izan dira nagusi, eta bizpahiru aukera garbi sortu badituzte ere, 24. minutura arte ez da gola iritsi. Aloñakoen erasoaren eskuinaldetik landutako jokaldi batean, Unai Gilek aterantz jaurti du, eta Vasconia taldeko jokalari batek baloia ukitu ostean, aurkarien atean sartu da.

Lehen gol horren ostean donostiarrek lerroak aurreratu dituzte, eta zelaian nagusitasuna lortzen joan dira, baina gol aukera garbirik ez dituzte sortu.

Bigarren zatian, berriz, Vasconia berdinketaren bila irten da zelaira, eta jokoaren kontrola izan dute ia uneoro, nahiz-eta aukera garbirik egin ez duten. Kontraerasoetan oñatiarrek partida erabakitzeko aukerak izan dituzte, baina bigarren gol hori iritsi ez denez, partidako azken minutuan tentsio handikoak izan dira. Oñatiarren zorionerako epaileak partidaren amaiera adierazi du 96. minutuan, eta Beti Gazte taldearen emaitzaren zain, Aloña taldea bizirik dago.

Salbazioaren bila

Beti Gazte taldearen emaitzez gain, bi jardunaldiren faltan, partidu guztiak irabazi behar ditu Aloña Mendik, eta gaurko hiru puntuak lortuta hurrengo garaipenaren bila Mutrikura joango dira datorren asteburuan. Azkena, berriz, etxean jokatuko dute Zarautzen aurka. Hala ere, geratzen zaizkienak irabazi arren, beste partiduei begira ere egon beharko dira eta zaila duten arren, ez dute amorerik eman oraindik.

Partiduaren aurretik minutu bateko isilunea

Partiduaren aurretik Javier Zulueta eta Tiago Gonçalvesen aldeko minutu bateko isilunea egin dute. Javier Zulueta, Txitxa, 1955/1956 denboraldietan aurrera, zortzi denboralditan aritu zen Aloña Mendi kirol elkarteko lehen taldean. Gerora, 1966/1967 jubenilak entrenatu zituen, eta tarte batean lehen taldea ere. Hortik aurrera laguntzaile moduan aritu izan da, eta astero-astero Azkoagainen taldea animatzen aritu zen.

Tiago Gonçalvesek, berriz, Aloña Mendi tabernaren ardura izan du azken urteotan. Eta bertan adierazi dute; Tiagoren aldeko hileta elizkizuna bihar izango da, 19:00etan, Mikel Goiaingeruaren elizan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak