Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara arteko neska mutikoz osatutako hiru abesbatzak kontzertua eskaini zuten zapatu arratsaldean, Oñatiko San Martin ermitan. Txantxiku Ikastolakoen txanda izan zen lehenik, eta pianoaren laguntzaz, lau abesti eskaini zituzten, tartean euskal kanta ezagunak ere bai, Eva Mirentxu edo Gora ta Gora beti, esaterako. Miren Gurutze Plazaolak zuzendu zuen Txantxiku Ikastolako abesbatza.
Elkar Hezikoen txanda etorri zen gero eta Miren Balenziagaren gidaritzapean, saio txukuna egin zuten horiek ere. Martxa baten lehen notak, Negua joan da-ta edo Euskararen Txantxangorria bezalako abesti ezagunak eskaini zituzten ermitan batu zirenen gozamenerako.
Urgain Ikastetxeak bete zuen ondoren eszenatokia eta horiek ere Miren Gurutze Plazaolaren gidaritzapean abestu zituzten proiekturako prestatu dituzten abestiak. Urgainekoek, abesti arabiar bat, beste afrikar bat eta bi euskaldun abestu zituzten.
Emanaldiari bukaera borobila emateko, abesbatza guztiek elkarrekin abestu zuten abesti bat.
Hurrengo Ermitaz ermita ekimenaren baitako saioa datorren zapatuan, maiatzak 20 izango da, Zubilagako ermitan, 19:00retan. Ganbara Txikiko abesbatzak egingo du saio hori.