Esperientzia berria bizi izango du eskubaloiko talde nagusiak asteburuan; Burgos dute hurrengo geltoki, Lehen Maila Nazionalean jokatzeko ahaleginean. Jokalariak jakitun dira igoera lortzearen esanahiaz; oroitzapenean gorderik dute 2002an Txus Aranbururen mutilek eskuraturikoa: Lehen Maila Nazionalean jokatzeko txartela erdietsi zuten, Oñatin jokatutako fasean.
Hori horrela, azken asteetan buru-belarri jardun dute Burgosen jokatuko dituzten hiru partiduak prestatzen. "Motibatuta gaude, esperientzia berriari ekiteko gogoz. Zalantzarik gabe, dena emango dugu, jakin baitakigu igoera lortzeko lan ona egin behar izango dugula ezinbestean", aitortu du Aitor Aranburuk, Izarraitz Muñoz Aloña Mendiko entrenatzaileak.
Prestaketa prozesuan, azken asteotan alor psikologikoan sakondu dute, batez ere. "Denboraldi osoa eman dugu fisikoki prestatzen; alor psikologikoan sakondu beharra zegoen", dio entrenatzaileak.
Sei multzotan banatu dituzte igoera fasean jardungo duten taldeak. Orotara, hogeita lau talde daude. Horien artean eginiko zozketak eraginda, oñatiarrak laugarren multzoan lehiatuko dira; burgostarrak, iruindarrak eta madrildarrak izango dituzte aurkari. Azken asteotan, horien jokoa aztertzen jardun dute oñatiarrek.
Aurkariak tentuz zaindu behar
Kasuak kasu, eta aurkarien partiduetako hainbat bideo ikusita, badakite tentuz zaindu beharreko taldeak izango dituztela aurrean. Balonmano Maristas talde iruindarrak, esaterako, aurreko urtean Lehen Maila Nazionalera igotzeko txartela erdietsi zuen; hala ere, plaza saltzea erabaki zuen. Bestetik, UBU San Pablo Inmobiliaria, Burgosko taldea, izango dute aurkari. Proiektu berria da burgostarrena, aurten sortutakoa, baina helburu argia duena: hiru urteren buruan Asobal Ligako partaide izan gura du. Azkenik, Club Deportivo Ipacea madrildarrak daude. Azken horiek hirugarren postuan amaitu zuten txapelketa, baina aurreneko biek uko egin zioten fasean esku hartzeari.
Sei multzoetako garaileez aparte, igoera faseko ligaxkan bigarren postua erdietsi dutenen artean emaitza onenak lortu dituzten hiru taldeek ere Lehen Maila Nazionalean jokatzeko txartela eskuratuko dute.
Esperientzia berria
Entrenatzailearentzat berria da Lehen Maila Nazionalera igotzeko saiakera. Horrek ez du esan nahi, ordea, gaian ezjakina denik; Rafa Zulueta baitu laguntzaile. Lehen Maila Nazionalera igotzeko txartela bere egin zuen taldeko kide zen Zulueta. Gogoan daroa garai hartako esperientzia: "Izugarria izan zen. Igoera lortzea da Lehen Maila Nazionalak eskaintzen duen une hunkigarriena. Ederra litzateke esperientzia errepikatzea, dudarik gabe".
Zuluetak aitortu duenez, asteburuan igoera lortzea "are polikagoa" litzateke. "Urteek aurrera egin ahala, gauzak beste modu batera ikusten dira; gehiago baloratzen dira lorpenak", azaldu du. Gaineratu duenez, "ederra da hutsetik hasi den taldea Lehen Maila Nazionalera igotzeko lehian sartuta egotea".
2002ko igoera
Esan bezala, Oñatiko eskubaloiak Lehen Maila Nazionalean jokatzeko txartela erdietsi zuen herrian bertan jokatutako fasean. Txus Aranburu zen taldeko entrenatzailea; presente ditu garaiko oroitzapenak. "Oso maila ona eman genuen garai haietan. 2001ean jokatu genuen lehen fasea, Galizian; hurrengo urtera arte, baina, ez genuen mailaz igotzea lortu. Ederra izan zen igoera hura etxean lortzea. Oroitzapen politak ditut", aitortu du.
Bestalde, entrenatzaile jarduna alde batera utzia badu ere, eskubaloia ez du inolaz baztertu; ongi ezagutzen ditu Izarraitz Muñozeko mutilak. "Egungo taldeak bloke bat dirudi, kuadrilla gisako bat sortu dute, urte ikaragarri haietan guk sortu genuen moduan. Guk, igotzea lortu genuen; eurek ere lor dezakete", dio.
Hiru partidu asteburuan, Burgoseko Plantio kiroldegian
Maiatzak 12, egubakoitza
- 20:30 UBU San Pablo Inmobiliaria - Izarraitz Muñoz Aloña Mendi
Maiatzak 13, zapatua
- 15:30 Clun Deportivo Iplacea - Izarraitz Muñoz Aloña Mendi
Maiatzak 14, domeka
- 11:00 Izarraitz Muñoz Aloña Mendi - Balonmano Maristas