goiena.eus

Gazte oñatiarren %92,5ek euskaraz egiten du egunerokotasunean

  Euskara  Oñati GAURKOAK

Pasa den udazkenean Soziolinguistika Klusterrak behaketa bitartez egindako ikerketa batek ondorioztatu du Oñatiko kaleetan ematen diren hamar elkarrizketatik ia zazpi euskaraz direla eta, batez ere, gazteen datua da aipagarria. Nerea Zubia euskara eta kultura zinegotziak adierazi du emaitza "oso onak" direla.

Atzo arratsaldean Soziolinguistika Klusterreko kide den Asier Basurto eman zuen ikerketako utzitako datuen berri, Euskaldun Berria gelan. Basurtoren esanetan, gazteen datua "ikaragarria" da. "Euskal Herri mailan, puntuazio altuena ez bada, altuenetakoa izango da Oñatiko gazteen euskara erabilpen maila", azpimarratu du.

Ikerketa hau egiten den bigarren aldia da, izan ere, 2011. urtean ere egin zen. Oro har, orduko emaitzak eta oraingoak antzekoak izan dira eta Oñatiko kaleetan euskara nagusitzen dela esan daiteke. "Oñatiko kaleetan ematen diren elkarrizketen %65,8 euskaraz dira. Gehiengo handi bat da eta gutxi gorabehera, aurreko ikerketaren antzeko datuak dira, orokorrean", adierazi du Basurtok.

Lau adin taldeetan banatu da ikerketa: haurrak –2 eta 14 urte bitartekoak–, gazteak –15 eta 24 urte bitartekoak–, helduak –25 eta 64 urte bitartekoak– eta adinekoak –65 urtetik gorakoak–. Esan moduan, gazteek egiten dute gehien euskaraz. Haurren puntuazioa ere kontuan hartzekoa da, %84ak euskaraz egiten baitu. Helduei erreparatuta, %60ak erabiltzen du euskara kalean. Euskara gutxien erabiltzen duen adin taldea adinekoena da, hauetako %40 inguruk, hain zuzen.

Ezagutza mailari dagokionez, %74,6 dira euskaldunak, hau da, ulertu eta hitz egiteko gai dira. Ia euskaldunak direnak –ulertu bai, baina hitz egiteko gai ez direnak– %14 dira eta erdaldunak –ez ulertu ez hitz egin– %11,4.

Ikerketak utzi duen datu esanguratsu bat da haurrek, nagusiekin daudenean, gaztelaniarako joera dutela. Izan ere, haurrak bakarrik daudenean euskaraz egiten dute ia beti –%92–, baina nagusi bat tartean badago, nabarmen jaisten da portzentajea, %75,9. Talde honetan, haurrak %84,3 egiten du euskaraz eta nagusiak %65,6 –bataz beste %75,9–. Bestalde, nagusiek haurrik gabe %54 egiten dute euskaraz.

Udalak, balorazio positiboa

Oñatiko Udalak emaitzak begi onez ikusten ditu eta egiten duen balorazioa positiboa da. Nerea Zubia euskara eta kultura zinegotziak adierazi duenez, emaitzak "oso onak" dira, euskaldun giroa nabarmentzen da herrian. Hala ere, onartu du datu hauek hobetu daitezkeela eta horretan lan egingo dutela aurrerantzean, azken urteetako joera mantendu dadin. "Ezin gara erlaxatu. Ikusi dugu beste herri batzuetan beheranzko joera duela euskararen erabilpenak eta hori gertatu ez dadin lan egingo dugu, prebentziorako hizkuntza politika garatuz", azaldu du.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Zorionak Oñatiar gaztiei. Segi jator eta eredu izan eskualdian. Zoriionak!!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa