goiena.eus

Nork bere irlatik ekarpena eginda, denon gozagai

  Kultura  Oñati

Maiatzaren 21ean helduko da Oñatira Andoni Egaña bertsolariak, Belen Ibarrola artistak, Ainhoa Garmendia sopranoak eta Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal eta German Ormazabal musikariek indarrak metatuz osatu duten 'Artxipielagoa' ikuskizuna.

Nork bere irlatik ekarpena eginda, denon gozagai
Ainhoa Garmendia eta Pello Ramirez Iruñean egindako emanaldian. | Ikusi handiago | Argazki originala

Elkarrengandik hurbil irla ugari dituen itsas zatia da, hiztegiaren arabera, artxipielago bat. Hori horrela, maiatzaren 21ean Oñatiko Santa Ana antzokian eskainiko duten ikuskizunari ezin hobeto jarri diote izena sortzaileek: Atxipielagoa. Izan ere, musika eta bertsolaritza; narrazioa, abestia eta bideo-proiekzioa dira ikuskizuna prestatzeko erabilitako osagaiak, artxipielagoa eratzen duten irlak.

Diziplina batean edo bestean, artearen eta kulturaren munduan dabiltzan sei pertsona izan dira indarrak, ametsak eta gaitasunak metatuz Artxipielagoa posible egin dutenak: Andoni Egaña bertsolaria, Belen Ibarrola artista, Ainhoa Garmendia sopranoa, Pello Ramirez txelo eta eskusoinu jotzailea, Garikoitz Mendizabal txistularia eta German Ormazabal piano jotzailea. Ikuskizun ezberdina bezain berritzailea lortudute elkarrekin.

Gogoetak eta beste

Ordu eta erdi inguru iraungo duen emanaldian bertsolari zarauztarra izango da esatari lanetan ibiliko dena, eta bere hizketaldian zehar irlen eta artxipielagoen inguruko gogoetak plazaratuko ditu, baita musikaren eta kulturaren inguruko hainbat hausnarketa eskaini ere. Egañaren esanek Garmendiaren, Ramirezen, Mendizabalen eta Ormazabalen musika eta Ibarrolak ikuskizunerako propio sortu dituen irudi eta bideo-proiekzioak izango dituzte bidelagun. Gogoetak zein musika entzunaz eta kantuan ere beraien aletxoa jarriz, ezinbestekoa izango da, gainera, ikusleen parte-hartzea.

Bi atal

Ikuskizunak bi zati ditu. Lehenengo atalak antzinako zaporea izango du, kultur ondare klasikoko abestiek eta abesti herrikoiek izango dute-eta protagonismoa –Jose Mari Iparragirre, Jesus Guridi, Eduardo Gorosarri...–. Bigarrenean, aldiz, abesti berriagoak entzun ahalko dira, besteak beste, Mikel Laboaren, Itoizen eta Ken Zazpiren kantak. Mikel Otaolea arduratu da ikuskizunean entzungo diren abestien moldaketez.

Sarrerak salgai

Maiatzaren 21eko emanaldia 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuragarri daude honezkero. 12 euro balio du bakoitzak, eta Txantxiku Ikastolako idazkaritzan, Txokolateixan eta kilometroak.eus-en eskuratu daitezke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa