Txorimalo eta erraldoiak 19:00 irtetekoak ziren, baina botatako euri jasaren erruz zertxobait beranduago atera ziren Santa Ana antzokitik. Ondoan izan zituzten Jose De Aspiazu Musika Eskolako trikiti-pandero ikasleak, euren doinuekin oñatiarrak jai-giroan sartzera gonbidatzen.
Zazpibidietako bidegurutzean jarritako Kilometroak-eko tonbola jendez beteta egon zen, eta urteroko tradizioari jarraiki San Anton plazako txosnan gazta eta ardo dastaketa egin zuten askok.
Egubakoitz iluntzea borobiltzeko kontzertu hirukoitza izan zen. Utopia oñatiar talde gaztea, Dirty Brothers arrasatearrak eta Moonshine Wagon gasteiztarrak igo ziren oholtza gainera, bertaratutakoen musika gosea asetzeko.