Bost urtetik behin ospatzen dute ikasle ohien bazkaria Txantxiku ikastolakoek, eta aurten, horren data borobila behar bezala ospatzeko, inoiz baino ekintza gehiago izan dituzte.
Eguerdi partean botatako txupinak eman dio hasiera egunari, eta ondoren, herriko kaleetan zehar triki-jolas-poteoa egin dute. Euriari aurre eginez, asko izan dira zapi berdea lepoan jarri, eta egunaz nahiz konpainiaz gozatzera kalera irten direnak.
Ia adin guztietako ikasle ohiak elkartu dira festan, baita ikastolako lehen promozioko hiru ikasle, "bederatzi ikaslerekin hasi zen Txantxiku ikastola, horregatik hezkuntza eredu honen alde apustua egindako gurasoak ekarri nahi ditut gogora gaurkoan", azaldu du lehen promozioko ikasle izandako Imanol Galdosek.
Bazkalorduan baina, gutxienekoa adina zen, promozio guztiak nahastu baitira bertan, guztietan baina solasaldia antzerakoa zen, ikastolan emandako urteak.
Bideo onena Eskolatxo taldearentzat
Bazkariarekin batera, bideo lehiaketa ere abian jarri zuten antolatzaileek. Parte-hartzaileek ikastolarekin lotura duen pasarte, bitxikeri edo istorio labur bat bideoan jaso behar zuten, eta 1991na jaiotako Eskolatxo taldeak irabazi du lehiaketa nostalgiko hau.
Ziur baina, malenkoniak baino algarak gidatuko dituela festaren bukaera orduak.