Bergarakoei lekukoa hartuta, Oñatiko Lizargarate Trikitizale Elkarteak eta Jose de Azpiazu Musika Eskolak antolatu dute biharko egitaraua. 350 lagun inguru batuko dira Oñatin, eta, herriko trikitilari eta panderoez gainera, Arrasatekoek, Aretxabaletakoek, Bergarakoek, Antzuolakoek, Aramaiokoek, Eskoriatzakoek, Elgetakoek eta Soraluzekoek hartuko dute parte.
Tailerrak eta kontzertuak
Goizeko hamarretan Unibertsitateko plazan elkartuko dira eta askotariko tailerrak egingo dituzte, 10:30ean hasita: "Trikitiarekin lotutako arlo ezberdinak landuko ditugu Lutxurditxorekin, Luis Astiazaranekin, Harkaitz Allurrekin eta Ines Osinagarekin; baina plaza mugatuak dituzte eta dagoenekon beteta daude eskolako ikasleekin. Horiez gainera, Aitor Furundarenak kultur etxeko zine aretoan Soinu txikia soinu handiaren betaurrekoetatik hitzaldia egingo du eta interesa duten guztiei egin gura diegu bertaratzeko gonbidapena; 10:30ean hasiko da eta ez da aurrez izena eman behar", diote antolatzaileek.
Era berean, trikiti eta pandero doinuekin gozatzeko hainbat aukera izango dira. "Ikasleek 13:00etan egingo dute saioa Unibertsitate aurrean eta toki berean 17:00etan hasita, Debagoieneko trikiti taldeen emanaldiak izango dira. Eguna bukatzeko, Los Zopilotes Txirriaus eta eMePebo5t taldeen kontzertura etortzeko gonbidapena ere baduzue".