Ekintzailetasuna bultzatzeko aholkularitza zerbitzua eskaintzea proposatu du EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko api. 26a, 10:01

Negozio bat ireki edo lan irteera berriak bilatzen dituztenek haien proiektuak abian jartzeko laguntza izan dezaten, udalak aholkularitza zerbitzu eraginkorra eskaintzea proposatu du EAJko udal taldeak. Adituen gaitasun eta eskarmentuaz baliatu eta ekintzailetza sustatzeko 'mentoring' programak abian jartzea ere planteatzen du.

Herriko alor sozioekonomikoa indartu eta ekintzailetza bultzatzearen aldeko apustua berretsi du EAJko udal taldeak ohar bidez eta dio martxoaren 30ean egindako ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuten lehen sektorera zuzendutako diru laguntzen programan aipagarria dela eurek egindako bi proposamen txertatu direla: teknologia berriak ezartzeko aholkularitza planen finantzaziora zuzendutakoa bata eta belaunaldien arteko erreleboa sustatzera bideratutakoa bigarrena. "Lehen sektorea eta tokiko merkataritza zein ostalaritza babesteko lantzen ari garen bideari helduz, Udaletik aholkularitza zerbitzu eraginkorra eskaintzea proposatzen dugu, negozio bat ireki edo lan irteera berriak bilatzen dituztenek haien proiektuak abian jartzeko laguntza izan dezaten”.

Ekintzailetza bultzatze aldera, elkarte adituekin elkarlana sustatzea beharrezkoa ikusten dute jeltzaleek eta haien laguntza jasotzea garrantzitsua dela iruditzen zaie: "Negozioa martxan jarri eta finkatu ahal izateko, nahitaezkoa da mentore espezializatuak (tutoreak) bide-lagun izatea eta haien gidaritza eta laguntza jasotzea". Jarduera ekintzaileak sustatu eta sendotzeko eta horiei jarraipena emateko, adituen prestakuntzaz eta eskarmentuaz (M.U.ko Enpresagintza Fakultatea...) baliatu nahi du Oñatiko EAJren udal taldeak.

Ikastaroak

Ekintzailetza indartu eta tokiko sozio-ekonomia bultzatzeko, aholkularitza zerbitzu eraginkorra eskaintzeaz gain, langabetuak lan munduan txertatzeko formakuntza ikastaroak antolatzeko eskaera ere egin dio EAJk Udal Gobernuari: “Gure helburu nagusia da ekonomia eta tokiko enplegua bultzatzea udalerriko enpleagarritasuna hobetzeko”.

Hori guztia kontuan hartuta, tokiko merkataritza, autonomo eta lehen sektoreko jarduerak sustatu eta babeste aldera, orain arte EAJren udal taldeak aurkeztu dituen proiektuak martxan jartzeko lanean jarraituko dutela ere badiote jeltzaleek prentsa oharrean, "bai Udalak dituen programen bitartez baita Diputazioak edo Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituztenen bitartez ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak