Giro paregabea izan da gaur arratsaldean Azkoagainen, Herriko futbol txapelketako finalak jokatu baitira bertan. Zale, lagun eta familiarteko ugari gerturatu dira haien talde gogokoena animatzeko, kamiseta eta pankarta eta guzti.
Lehendabizi hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua jokatu dute Zalapartak eta Sasquatchek. Zalaparta gailendu da azkenik, hori-beltzen aurka 5 eta 4 irabazita, golez betetako norgehiagokan.
Kili-Kolo nagusi kopan
Lehen partiduaren ostean, kopako irabazleak ezagutzeko ordua iritsi da, Kili Kolo eta Shatoken Moüra aurrez aurre. Atsedenaldira bat eta hutseko abantaila minimoarekin iritsi da Kili-Kolo, eta ondoren, bigarren zatian ondo asmatu dute, eta hiru gol gehiago sartuta, kopa haientzat izan da (4-0). Pozik ospatu dute merezitako garaipena.
Final handia
Azkenik, ikusmira handiena piztu duen norgehiagoka Kalañatasaray eta Albok taldeen artekoa izan da. Talde biak gogotsu atera dira berdegunera, eta zeukaten guztia eman dute txapelketa poltsikoratzeko ahaleginetan.
Bada, Kalañatasaray taldea izan da aurretik jartzen lehena, lehen zatia bukatzear zegoela egindako golarekin. Bigarren zatiaren lehen minutuetan abantaila horri ondo eutsi diote, baina erdi inguruan Albokek berdinketa lortu du, 1-1. Ordutik aurrera, emoziorik ez da falta izan; izan ere, berdinketaren kolpea gainditu eta berriro ere aurreratu dira Kalañatasaraykoak. Dena den, pozak ez die asko iraun, bost bat minutu beranduago zuri-berdeek atzera ere gola egin baitute, partiduaren bukaerarako hamar minutu falta zirela.
Bada, hamar minutuotan aukerak izan dituzte talde biek, baina ez dute baloia sareetara bidaltzen asmatu. Hala, epaileak txistua jotakoan penalti errondari ekitea tokatu zaie.
Albok izan da jaurtitzen lehena, eta barrura bidali dute baloia. Kalañatasarayrena ere sareetara joanda, baita Alboken hurrengoa ere. Kalañatasaraykoek, ordea, huts egin dute jaurtitako bigarren penaltia. Hurrengo lau jaurtiketak ere sartu egin dituzte, bina talde bakoitzak, eta Albokek huts egin du bere azken aurreko penaltia. Beraz, atzera ere berdinduta geratu dira. Jarraian, baina, Kalañatasarayk berriro huts egin du, eta gaurko azken penaltia, Albokek jaurtitakoa, sareetara joan da, zuri-berdeei garaipena emanez.
Salto eta oihu artean ospatu dute garaipena Albokekoek. "Hirugarrenez heldu gara finalera, eta bazen behingoz txapelketa irabazteko ordua", zioen Xabier Gordoa kapitainak.
Kalañatasaraykoak, euren aldetik, "pozik" agertu dira; izan ere, aipatu dute finalera iristea "sari handia" izan dela haientzat.
Sari banaketa
Jarraian, gaurko finalen ostean banatu dituzten sari guztien zerrenda:
- Lehen faseko txapeldunak: Sasquatch
- Kiroltasun saria: Roberto Hernandez (Dollygan's)
- Jokalari beteranoena: Ismael Malbadi, Ixko (Kili-Kolo)
- Atezain onena: Andoni Egaña (Sasquatch, 11 gol)
- Golegile nagusia: Unai Uribeetxeberria (Zalaparta, 15 gol)
- Kopako finaleko jokalari onena: Mikel Aramendia, Mielo (Kili-Kolo)
- Kopako bigarrenak: Shatoken Moüra
- Kopako txapeldunak: Kili-Kolo
- Laugarrenak: Sasquatch
- Hirugarrenak: Zalaparta
- Ligako jokalari onena: Jokin Leibar (Albok)
- Bigarrenak: Kalañatasaray
- Txapeldunak: Albok