Atzo arratsaldea eguzkitsua eta argia izan zen arren, Arantzazuko Gandiaga Topaguneko areto nagusian argi xume batzuek eta kandela sorta batek soilik argitutako iluntasuna zen nagusi. Giro ezin aproposagoa Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioaren eta Gandiaga Topagunearen eskutik Kalakanek eskaini zuen kontzertu akustikorako.
Txalapartarekin lotzen den taldea da Kalakan, baina atzo bestelako doinuak izan ziren nagusi. Adarra joaz eta txalapartarekin eman zioten hasiera emanaldiari Iparraldekoek, baina berehala geratu zen argi kontzertu berezia izango zela, taldeko Jamixel Bereauk esan zuen moduan, berezia bai ikusleendako eta baita taldekideendako ere. A capella, ahotsak ederki batuz abestu zituzten lehen bi piezak, tartean Ontasunik gabe izeneko abestia, eta horren ostean etorri ziren perkusioak, txirulak eta Indiako harmioniumak lagunduta kantatutakoak. De trevilleren azken hitzak kantuan publikoa ere izan zuten lagun abesteko orduan. Belatz haundi izan zen entzuleek gozatu ahal izan zuten beste piezetakoa bat, galtzear dauden Zuberoako basa ahaide izeneko kantu motaren erakusgarri; hitzak beharrean, ahotsaren bestelako soinuak oinarri dituen generoa.
"Ez dute txalapartarik jo behar?" zioen publikoko entzule batek kontzertua ia amaitzear zegoela. Eta hain zuzen ere, bisetan jo zuten txalapartarekin Kalakanekoek hain ezagun egin den Sagarra jo kantuaren bertsioa. Kantuz abestiarekin amaitu zen atzokoa, eta ikusleek txalo zaparrada bero batekin eskertu zituzten ordu eta laurden inguruan entzundakoak.